Emaitza da gutxienekoa. Cordobako selekzioaren kontra jokatutako partida aise irabazi zuen euskal selekzioak (69-95), baina emaitza da gutxienekoa. Cordoba hiriko euskaldun-argentinarrek euren festa izan zuten. Saskibaloia erabat errotuta dagoen kirola da Cordoban. Atenas taldea Argentinako garrantzitsuenetakoa da, eta bertan jokatutakoak dira, besteak beste, Marcelo Milanesio eta Hector Campana Pitxi. Azken hori Cordoba probintziako gobernadoreordea da egun. Argentinako egonaldiko azken partida eta, bide batez, gogorrena gaur jokatuko du euskal selekzioak, Argentinako selekzio absolutuaren aurka, Saltan (22:55, ETB1).
Sociedad Mutua Union Electrica pabilioia ikurrinaz eta Argentinako banderez apaindu zuten antolatzaileek. Euskaldun-argentinar asko ikurrina hartuta agertu ziren «bisita historikoak» sortu dien emozioa ezkutatu ezinda. Cordobako Euskal Etxeko presidente Alejo Martin zen horietako bat: «Euskadiko selekzioa lehen aldiz Argentinara etortzea sekulako ohorea da guretzat, eta partidako epailea Aitor Aramayo euskaldun-argentinarra eta etxeko laguna izatea ere ohore handia da».
Euskadiko selekzioa Argentinan barrena egiten ari den bira aurreikuspen guztiak apurtzen ari da. Hori jakinarazi zuen Euskadiko Federazioko presidente Arturo Aguadok: «Batez ere, egin diguten harrera kontuan hartuta». Aguadok onartu zuen biraren helburu bakarra ez zela partidak jokatzea, Argentinan bizi diren euskal herritarrekin eta argentinar guztiekin egotea ere bai. «Pozarren gaude. Esperientzia ahaztezina da. Etxean egotea bezalakoa da, baina 12.000 kilometrora. Bagenekien zer izan zitekeen, baina ez genuen horrelakorik espero».
Javi Salgado selekzioko kapitaina ere harrituta zegoen izan duten harrerarekin eta Argentinan euskal tradizioei dieten atxikimenduarekin. Kirol arloari dagokionez, lehen partida galtzea penagarria izan zela esan zuen, baina bidaia oso gogorra izan zela eta oso nekatuta iritsi zirela lehiara. «Gero eta hobeto sentitzen ari gara. Argentinako selekzioaren kontra oso partida gogorra daukagu».
Pablo Laso entrenatzaileak bere jokalarien konpromisoa nabarmendu zuen, euskal selekzioarekin jokatzearen alde egin dutelako udako oporrak galduta. Argentinako selekzioaren kontra jokatu beharreko partida horri begira dago Laso. Orain arte euskal selekzioa ez da aritu maila horretako selekzio baten kontra, eta hori «aurrerapauso handia» dela azpimarratu zuen Lasok. «Irabaztea oso zaila izango da, baina aurpegia emango dugu. Selekzio honek beti erakutsi du oso talde lehiakorra dela».
Han adinako babesa
Euskal selekzioko jokalariek, teknikariek eta zuzendaritzako kideek nabarmendu dute gaurko partida horrek duen zailtasuna, baina behin eta berriz diote jaso duten harrerarekin daudela harrituta. «Etxetik horren urrun egonda Euskal Herriarekiko horrelako sentimendu handia edukitzeak harritu egin gaitu. Harrigarria da hemen horrenbeste ikurrin artean jokatzera irten eta han adina edo han baino babes handiagoa jasotzea», nabarmendu du Joseba Iglesias euskal selekzioko jokalariak.
Etxean jokatuko balute bezala
Euskal selekzioko jokalari eta teknikariak pozarren eta harrituta daude Argentinan egin dieten harrera beroarekin. Galdu egin zuten lehen partida, irabazi bigarrena. Argentinako selekzio nagusiaren kontra ariko dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu