Lehenik eta behin Tauk argi izan behar du CSKAk oso eraso azkarra duela, lehen zazpi segundoetan oinarritutakoa. Aurkariak defentsa ezartzen duenerako Granger, Marcus Brown eta Holdenen bitartez antolatuko du erasoa, buruz buruko jakaldiak bilatuz. Hortaz, Baskoniak oso kontzentratuta egon behar du hori gelditu ahal izateko. CSKAk bilatuko duen bigarren aukera Andersenena da, saskipean Scolari edo Splitterri zailtasunak sortu eta faltak ateratzen hasteko. CSKAren entrenatzailea ezagututa hori da bilatuko duten lehen gauza, eraso azkarra, baina beste bi ezaugarri ere baditu Tauren aurkariak: errebotea eta kontraerasoa. Bi gauza horiek eskutik datoz, errebotea hartzerako korrika egiten saiatzen baitira. Aipaturiko hiru ezaugarri horiek ondo zainduz gero, CSKA baliabide gehiegi gabe geratzen da geldikako jokoan.
Epaileengan konfiantza gutxi dut. Urtean zehar ez dut gustuko izan nola aritu diren, ezta azken hiru sasoietan ere. Zalantzak ditut. Ez dut uste Moskun epaileen lana hobetuko denik. Partidaren hasieran falta asko adieraziko dituztela pentsatzen dut, eta horrek Tauren kontzentrazio osoa eskatuko du partidaren iparra ez galtzeko. Nire ustez Tau oso ondo prestatutako taldea da, eta dena zuzen gertatzen bada, edozein talde har dezake menpean. Epaileen lana zuzena bada, Baskoniak CSKAren aukera berdinak ditu finalera heltzeko. Etxean jokatzea ez da CSKAren onerako izango. Presio handia izango dute, eta argi daukat ez dutela partida biribila egingo. Tauk egiten duen jokoa kontuan hartuta, blokeoekin, bizitasunarekin eta dituen jokalariekin, min egin diezaioke CSKAri. Errusiarrek ez dute baliabide gehiegi saskipea ondo ixteko, eta Scolak garrantzi handia izan dezake hor. Tauko kapitainaren lana gelditzen saiatzen badira, lagunduz gero, kanpotik jaurtitzeko aukera politak izango dituzte hegalekoek. Abantaila argia izango dute Scola dagoen tokian, laguntza jasotzerakoan baloia barrutik kanpora ateratzeko jaurtiketak bilatzeko aukera izango baitu. Gogortasunaren bitartez saiatuko da CSKA hori gelditzen. Tauko jokalariek lasai kantxaratu behar dute, beraien jokoa eginez, entrenamendu saioetan mila aldiz egin dituzten jokaldi horiek errepikatuz. Talde izaera ere garrantzitsua da, euren jokoa aurkariari inposatzeko. Hori lortzen duen taldeak Lauko Finala irabaziko du. Tau Lauko Finalera heldu zenean asko poztu nintzen Ivanovicengatik zein taldearengatik, azken urteetan egin duen lana ikusita guztiz merezi baitzuen. Ez dut poztasun hori adierazteko hitzik, eta hasi duten bidea ondo bukatzea biziki nahi dut. Gainera, asko pozten naiz Josean Kerejetarengatik. Orain dela hamabi-hamahiru urte, Bartzelonarekin hasi nintzenean, arkitekto baten moduan klub erraldoi bat eraikitzen hasi zen, eta lan horretan ez du burua galdu, beti bide egokia jarraitu baitu, maila gorenean. Talde gutxi dago Tau bezala une honetan, azken hamarkadan gorabeherarik izan ez duena. ACB Ligan ez dago Baskoniaren moduko talderik, eta Salvador Alemanyren garaitik ez da Kerejeta bezalakorik egon saskibaloian.Lauko Finaleko beste partidari dagokionez CSKA-Tau neurketaren inguruan esandako guztia mantentzen dut. Epaileek normal zuzentzen badute, ez litzateke arraroa izango Moskuko final handian Tau-Panathinaikos norgehiagoka ikustea.
(*) Real Madrileko entrenaitzailea. Lauko finala lau aldiz irabazi du, Jugoplastika, Limoges eta Panathinaikosekin.
Etxean jokatzea ez da CSKAren onerako izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu