Etxean jokatzearen abantaila dauka

Bordeleko Girondinsi irabazi beharko dio gaur Osasunak, UEFAko final-zortzirenak jokatu ahal izateko

2007ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Joaneko partidan Bordelen lortutako 0-0ekoak ez zuen ezer erabaki. Gaur erabakiko da Nafarroako Erresuman Osasuna ala Girondins sailkatuko den UEFA Kopako final-zortzirenetarako. Bordeleko klubak izen eta ospe handiagoa dauka Europako txapelketetan, baina etxean jokatzearen abantaila baliatu nahi dute Osasunakoek. Joanekoan ia 7.000 osasunazale joan ziren Bordelera; gaur betetzeko gutxi faltako du Nafarroako Erresumak.

Faboritoa nor den esaterik ez dago. Osasunak historian zehar Espainiako Ligan egindako ibilbidea baino askoz dotoreagoa da Girondinsek Frantziako Ligan egindakoa. Ondorioz, Europako klub onenen artean jokatzen diren txapelketetan eskarmentu handiagoa dute Bordelekoek. Baina joanekoan ez zen alde handirik ikusi bi taldeen artean, eta zaleen babesarekin kanporaketa euren alde desorekatu nahi dute nafarrek. Hargatik, irabazteak soilik balio die gorritxoei. 0-0ekoak luzapena ekarriko luke, baina beste berdinketa guztiek Girondins sailkatzen dute final zortzirenetarako.

Zer da hobea: etxean jokatu eta irabaztera derrigortuta egotea, ala etxetik at aritu eta berdinketa alde izatea? Cesar Krutxagak ez du zalantzarik: «Joanekoan lortutako 0-0koa emaitza engainagarria izan daiteke, baina emaitza ona da guretzat. Hanburgoren aurka joanekoan 0-0ekoa lortzeak ez zigun balio izan -itzulikoan 1-1 berdindu zuten, eta Hanburgok egin zuen aurrera-, baina nik ez nuke gure egoera Girondinsekoenagatik aldatuko. Berdinketak balio ez digun arren, partida erabakigarria etxean jokatzea nahiago dut nik», esan zuen Osasunako kapitainak herenegun. Bordelera joandako 7.000 zaleekin zorretan daudela ere onartu zuen, gero. Eta zorra gaur kitatu nahi dute gorritxoek, noski.

Partida aurretik egindako adierazpenetan, ordea, zuhurtzia ere agertu dute Osasunako jokalariek. «Faboritoak ez gara, Hanburgoren aurka gertatu zitzaigunak indartsuago egin behar gaitu, baina ez gara faboritoak, Girondins Frantziako talderik indartsuenetako bat da, eta Txapeldunen Ligatik iritsi dira UEFAra», adierazi zuen Ricardo atezainak, esaterako. Atzo, Juanluk ere frantziarrak jo zituen faboritotzat: «Eurak dira faboritoak, Girondinsek Osasunak baino izen gehiago du, baina pilota gure teilatuan dago orain: etxean jokatzen dugu eta zaleen babesarekin irabazi egin behar dugu. Hargatik, badakigu Hanburgoren aurka zer gertatu zitzaigun», esan zuen ezker hegalekoak. Frantziarrek, dena dela, uko egiten diote faborito izateari. Ricardo Gomes entrenatzailearen aburuz, «Girondins ez da faboritoa, etxean jokatzea oso garrantzitsua baita».

Hain zuzen ere, Juanlu izan daiteke gorritxoen berritasunetako bat. Betisek utzitako ezker hegaleko erdilariak ez du hasieratik jokatzeko aukera askorik izan orain arte, baina atzo goizeko entrenamenduan egindako proban hasieratik jokatu dezaketenen artean zen Juanlu. Beraz gain, Krutxaga, Josetxo eta Nekunamek ere tokia izan dezakete hasierako hamaikakoan, Cuellar, Miguel Flaño eta Raul Garciaren kaltetan.



JoSE ANGEL ZIGANDAOsasunako entrenatzailea

«Ondo nahiz gaizki jokatu,partida zirraragarria nahi dut»

A.L.E.

Iruñea

«Ilusioa» eta «ospea» izan zituen ahotan Osasunako entrenatzaile Jose Angel Zigandak Bordeleko Girondinsen kontra jokatu beharreko neurketa erabakigarriaren atarian.

Gauza asko daude jokoan Girondinsen aurka, ezta?

Klubarentzat ospea dago jokoan, eta gure jendearentzat, berriz, ilusioa dago jokoan.

Espainiako Ligan galdutako azken partidak eraginik izan al du neurketa hau prestatzeko orduan?

Liga eta UEFA erabat ezberdinak dira, eta une honetan Girondinsen aurkako partidan soilik pentsatzen dugu.

Nolako partida espero duzu?

Irabazi beharra dugu. Pazientzia izan behar dugu, eta patxadaz aritu behar dugu uneoro. Joanekoan bi taldeak oso antzekoak garela ikusi zen, eta oraingoan ere lehia orekatua espero dut. Dena dela, erasoan Bordeleko partidan baino aukera gehiago izatea nahiko nuke. Zelaia joanekoan baino hobeto egongo da gaur, baina norgehiagoka lehiatua izatea espero dut.

Zaleen artean eragindako ilusioak lagundu egin behar dizue, ezta?

Geuregatik ere irabazi egin nahi dugu; ez dago esan beharrik. Baina egia da, aldi berean, Bordelera hainbeste zale joan eta gero zorretan gaudela jendearekin nolabait. Zirrara handia eragiten duten partida horietako bat nahi dut.

Joaneko partidan, Girondinsek ez zuen ongi jokatu. Hori dela eta, ez ote da Frantziako taldea gutxietsi?

Golak egiteko arazoak zituelako 15 milioi euro xahutu zituen talde bati buruz ari gara hitz egiten. Frantziako talderik indartsuenetako bat da eta historia ospetsua dauka. Txapeldunen Ligatik datoz eta kanporaketa hau galtzea porrot handia izango da eurentzat. Ondotxo dakit talde bikaina dela, ondo nahiz gaizki jokatuta ere.

Nor da faboritoa?

%50ean dago kanporaketa. Etxean jokatzea gustatzen zaigu, bai, baina errespetu handia diot aurkariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.