Etxean otso ez, kanpoan uso

Etxetik at jokatu azken hamar lehiak galdu ditu Osasunak jarraian, eta Espanyolen zelaian hautsi nahi du bolada txarra

Iruñea
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo ere partidak irabaz ditzakeela erakusteko ordua iritsi zaio Osasunari. Jose Antonio Camachok 2008ko urriaren 19an zuzendu zuen Osasuna lehandabiziko aldiz, eta Sportingen aurka 2-1 galdu zuen Osasunak egun hartan. Partida hori aintzat hartuta, gorritxoek 37 liga jardunaldi jokatu dituzte harrezkero Nafarroako Erresumatik at, eta nafarrek etxetik kanpo partidak nekez irabazten dituztela argi erakusten dute estatistikek: bisitari gisa jokatu 37 partida horietan, sei garaipen, zortzi berdinketa eta 23 porrot bildu ditu Camachoren taldeak. Azken hamar irteeretan porrota soilik ezagutu dute gorritxoek, eta gaurko partidan Espanyol ezustean hartuta, estatistikak zuzentzen hasi nahi dute nafarrek.

2008-2009 sasoian Atletico Madrilen eta Bartzelonaren zelaietan soilik irabazi zuten gorritxoek. Iragan denboraldian Valladolid, Zaragoza, Xerez eta Vila-real menderatu zituzten Camachorenek euren zelaietan. Iruñetik kanpo irabazi azken norgehiagoka urtarrilean lortu zuten gorritxoek, 2009-2010eko denboraldiko bigarren itzuliko lehen norgehiagokan Vila-real 0-2 menderatuz Madrigalen. Harrezkero izan hamar irteeretan hamar porrot bildu ditu Camachoren taldeak: Sevilla, Sporting, Atletico Madril, Bartzelona, Valentzia, Mallorca, Real Madril eta Espanyolen aurka iragan sasoian eta Real Madril eta Mallorcaren aurka denboraldi honetan.

Estatistika beltzak direla argi dago. Egia da gaur egungo futbolean talde gehienei asko kostatzen zaiela etxetik at puntuak batzea. Baina bide horretatik jarraitzerik ez dauka Jose Antonio Camachoren taldeak. Lehenbailehen eten behar da joera kezkagarri hori, eta asmo horrekin lehiatuko dira gaur arratsaldean Cornella-El Prateko futbol zelaian. Espanyolek ez dizkie gauzak erraz jarriko. Mauricio Pochettinoren taldea inon indartsua baldin bada, etxeko partidetan da. Sasoi honetan, adibidez, etxetik at jokatu bi partidetan golik ez dute sartu katalanek, eta Vila-realen eta Santiago Bernabeun jokatu bi partida horietan zazpi gol jaso dituzte, gainera. Etxean jokatu bi partidetan, ordea, sendo agertu dira Bartzelonakoak: Getafe menderatu zuten lehen jardunaldian, 3-1; eta Almeria garaitu zuten iragan asteburuan, 1-0. Cornella-El Praten etxetik at ez bezalako erraztasuna dute Pochettinoren jokalariek partidak irabazteko, eta argi ibili beharko du Osasunak.

Eraginkortasunaren bila

Buruhauste bat baino gehiago izan du Pochettinok aste honetan, dena dela. Osvaldo eta Ivan Alonso aurrelariak min hartuta ditu entrenatzaile argentinarrak, Real Madrilen aurkako partidaren ostean Forlin eta Galan zigorra bete beharrean dira, eta, hori nahikoa ez, eta taldean geratzen zitzaion aurrelari peto bakarra, Sergio Garcia, kili-kolo ibili da aste osoan. Golak sartzeko trebezia gehien duten jokalariak jokatu ezinda ditu Pochettinok, eta Espanyolen arazoak baliatu nahi ditu Osasunak partida irabazteko. Camachoren ustez, eraginkortasun handiagoa izatea da gakoa: «Bizpahiru partida jarraian irabaztea garrantzitsua izaten da liga luze batean; asteartean irabazi ostean giro hobea izan dugu entrenamenduetan-eta, baina lanean jarraitu beharra dago, eta Espanyolen zelaian aukera ederra daukagu irabazteko, nahiz eta Espanyolekoek ere gauza bera pentsatuko duten, noski. Goleko jokaldietan eraginkortasun handiagoa izatea da gakoa nire ustez. Bere lanari etekin handiagoa ateratzen ikasi beharra dauka Osasunak. Erasoan min gehiago egiten ikasi beharko dugu, hor dago gakoa. Etxetik at azken garaipena noiz lortu genuen gogoratu ere ez dut egiten egia esan, denboraldi honetan bi porrot jaso ditugu orain arteko bi irteeretan, eta beste aukera bat dugu orain bolada txar hori eten ahal izateko», esan zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak, Taxoaren emandako prentsaurrekoan.

Sergio, Josetxo, Masud eta Nekunam deialditik at utzi zituen atzo Camachok, arazo fisikoen erruz, eta Oier eta Kike Sola ere ez zituen aukeratuen zerrendan sartu entrenatzaile espainiarrak. Realaren aurka joan den asteazkenean hasieratik jarritako hamaikakoaren aldeko apustuari eutsi­ diezaioke Camachok, asteartean Realaren aurka partida txukuna burutu zutenen aldeko apustuari, alegia. Dena dela, atzo goizean Taxoaren egindako entrenamenduan erakutsitakoaren arabera, Damiak eta Arandak ere badute hasieratik jokatzeko aukeraren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.