Etxean sendo jarraitzen du

San Antoniok erraz irabazi dio Port Sagunti Iruñean, batez ere bigarren zatian egindako lanari esker

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Amaya San Antoniok garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo etxean Port Sagunten aurka (30-26). Jokoan ziren puntuak eskuratu zituzten nafarrek, eta, horrekin batera, hobetzen jarraitzeko pizgarria. Oraindik gehiegi sumatzen zaio San Antoniori talde osatu berria dela. Eta talde gaztea dela ere bai. Atzo, hala ere, gora begira jartzeko grina badutela erakutsi zuten jokalariek, eta lan egiteko gogo handia dutela.

Goi mailako kirolaren esparruan gogoa ez da nahikoa izaten, noski, eta San Antoniok atzo batez ere lehendabiziko zatian utzi zituen bere gabeziak agerian. Defentsan eskas aritu ziren iruindarrak, eta atean ere ez zen egunik onena izan atzokoa Lucaurentzat.

Erritmoa, intentsitatea eta ordena falta zitzaion San Antoniori, baina markagailuan nahiko orekatua agertu zen partida lehendabiziko 30 minutuetan. Nafarrek aurrean zuten aurkaria ere ez da Liga irabazteko lehian ariko diren horietako bat. Eta sumatu zen.

Piskanaka, nafarren alde jarri zen partida. Hasi ziren erasoan sendoago jokatzen, eta, batez ere, aurkaria baimo hobeak zirela sinesten. Konfiantzarekin mugitzen. Lan horrek eman zuen etekinik, eta 15-12 zen aurretik San Antonio atsedenaldian.

Ristanovicekin, hobeto

Atsedenaldiak, hain zuzen, on egin zien etxekoei, eta kontzentratuta atera ziren pistara bigarren zatian. Erritmoa ezartzeko eta agintzeko prest. Atean Ristanovicek hartu zuen Lucauren tokia, eta aldaketa horrek ere mesede egin zion taldeari. Lan ona egin zuen atezainak, eta, ondorioz, kontraerasoa izan zen bigarren zatian nafarren arma nagusia.

Zazpi goleko aldea ere lortu zuen San Antoniok bigarren zatiko hainbat unetan, eta errenta hori baliatu zuen, partidaren amaierara arte. Humet, Gedeon eta Agirrezabalaga nabarmendu ziren nafarren artean. Lan egiteko gogoz direla erakutsi zuten.



Amaya San Antonio 30

Port Sagunt 26

Amaya San Antonio. Lucau, Gedeon (5), Vargas, Victor (3), Eloy (2), Crowley, Agirrezabalaga (5) -hasierako zazpikoa-; Ristanovic, Sevaljevic, Borragan, Mindegia (1), Humet (5), Meoki, Rasic (6, 2p).

Port Sagunt. Peg, Serrano (5), Tarraso (3), Muiña (3), Prce (6), Latorre, Bauer (4)-hasierako zazpikoa-; Bruixola, Backovic, Ruiz, Dukic, Sifre (5, 3p), Nebot, Fernandez.

Markagailua. 2-2, 7-4, 8-5, 10-10, 12-11, 15-12 (atsedenaldian); 18-12, 19-14, 21-16, 24-19, 27-21 eta 30-26.

Epaileak. Garcia eta Marin. Bi minutuz kanporatuak: Amaya San Antonioko Sevaljevic (bi aldiz), Victor Alvarez eta Eloy Gonzalez (bi aldiz); eta Port Sagunteko Dukic, Ruiz eta Fernandez.

Bestelakoak. 700 ikusle inguru Iruñeko NUPeko pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.