Etxean uso dabil Vettel

Webberrek lortu du 'pole'-a Alemaniako Sari Nagusian, eta haren taldekidea hirugarren izan da

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Autoari neurria hartzen ari zaio Mark Webber australiarra, atzo Nurburgringen bigarren pole-a jarraian lortuta. Red Bulleko gidariak une erabakigarrian ez zien aukerarik eman aurkariei, gutxigatik izan bazen ere argi hartu baitzien aurrea. Azpimarragarria da Sebastian Vettel haren taldekideak ohi baino atzerago amaitu zuela, hirugarren postuan. Lehen aldia da aurten Vettelek ez duela aurreneko lerrotik irteterik izango. Horren erruduna Lewis Hamilton izan zen, bigarren postuan sartu baitzuen muturra azken unean. Azkenaldian gora etorrita dabilen gidaria, Fernando Alonso, laugarren izan zen, denbora gutxira hura ere.

Vettelek, itxuraz, ez du kalean uso, etxean otso esaeraren berri. Urte osoan zirkuitu guztietan lortu du pole-a, eta hori egiteko gaitasuna falta izan duenean ere bigarren izan da. Atzo, etxeko sari nagusirako sailkapenean, ez zen ohiko Vettel atera. Ez omen zen eroso aritu RB7 autoa gidatzen, eta atzo goizean aurrera eta atzera ibili zen autoaren prestaketan. Hirugarren amaitu bazuen ere, ez zen Webberrengandik urrun gelditu, eta lasterketan oso kontuan izan beharreko gidaria izango da.

Edonola ere, esanguratsua da Vettelen emaitza, ezohikoa delako. Hark ohitu ditu zaleak goi mailako emaitzetara; horregatik, atzokoa berritasuna da, aldaketa. Titulua poltsikoan duen gidari baten lasaitasuna ote? Horren jakitun, gauzak lasaiago hartzeko erabakia izan daiteke? Ziurrenik izango du alderdi psikologikotik zerbait, eta zirkuituak ere izango zuen eraginik. Duela bi urte zapaldu zuten aurreko aldiz Nurburgring, eta orduko hartan ere Webberrek lortu zuen pole-a. Vettel laugarren izan zen.

Kontu horiek guztiak erabat desagertuko dira lasterketaren ondoren. Gaurko emaitzak bakarrik balio du, eta horrek atzokoa bitxikeria hutsa bilakatzen du. Batez ere, atzo denborak horren estuak izan ostean. Alonso bera, laugarren izan bazen ere, segundo erditik beherako tartean dago. Silverstonen aldea txikiagoa izan bazen ere, lasterketan erraztasunez jo zuen aurrera espainiarrak. Alemanian atzerapen handixeagoarekin ekingo badio ere, lasterketan duela bi asteko maila bera erakusten badu, ezin da ezer baztertu.

Hamilton, indartsu

Ezusteko nagusia Hamiltonek eman zuen. Batetik, bigarren izan zelako inork espero ez zuenean. Lehen postua hamarreneko erdira soilik gelditu zitzaion, eta Jenson Button taldekideari segundo bat baino gehiago atera zion. Bestetik, Vettel lehen lerrotik atera izana ere bada zerbait. McLaren noraezean ibili da azken bi lasterketetan; horregatik, ulertezina da halako itzulera. Hamiltonek pneumatikoekin harreman zaila dauka aurten, lasterketan ez baititu aurkariek bezain ondo zaintzen. Hori konponduz gero, ingelesak hankaz gora jar dezake lasterketa gaur.

Uda zoroa ez da Euskal Herriko kontua bakarrik, Alemanian ere euria baitago iragarrita. Zein ordutan botako duen zehaztu ezinean dabiltzanez, autoa zein girotarako prestatu erabaki beharra izan zuten datu askorik gabe. Lehorrean, lehen bi lerroetako gidarien artetik aterako da garailea, eta atzokoa ikusita, Hamiltonen asteburua izan daiteke. Euria eginez gero, zerrenda zabaldu egiten da, eta halakoetan Button oso kontuan izateko izena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.