Etxebarria: «Talde hau Haimar Zubeldia eta Iban Mayo baino askoz gehiago da»

Beti alboan dituenei eskaini zien garaipena: Kizkitza emazteari, Ioar alabari eta gurasoei

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Poz-pozik zegoen Unai Etxebarria, profesionaletan lortzen duen bere seigarren garaipena ospatzen. Guztietan Espainiako Vueltakoa garrantzitsuena dela aitortu zuen. Taldearentzat oso garaipen garrantzitsua dela ere esan zuen, «talde hau Haimar Zubeldia eta Iban Mayo baino askoz gehiago dela erakusten ari baikara Vueltan gaudenok. Ea beste etapa garaipenen bat lortzeko moduan gauden».

Hoteleko lasaitasunean, elkarrizketa luzea eskaini zion Euskal Telebistari. Ihesaldiaren nondik norakoak zehaztu zituen aurrena: «El Escudo mendate gogorra da. Ez nuen ezagutzen eta gogorra egin zait. Aldeko haizea genuen, gainera, eta horrek are gehiago gogortu du igoera. Santanderrea bidean egindako ahalegina nabaritu dut, nahiko justu ikusi baitut neure burua. David aurretik zegoen gora igo garenean. Ni 30. edo 40. postuan igaro naiz gainetik eta jaitsieran aurrera egin dut beste txirrindulari batzuekin eta Davidekin bat egin».

Burgosera iristeko itxaropenik ba ote zuten galdetuta, ezezkoa erantzun zuen, «Fassa Bortolo lanean hasi delako atzean. 30 kilometro falta zirela, ordea, errentak gora egin du eta Davidi esan diot bete-betean saiatu behar ginela helmugara iristen, garaipena lortzeko aukera handia geneukala».

Tropela lasaitu eta ihesaldia arrakastatsua izango zela jakin ostean, Davidekin hitz egin zuen Unaik, etapa garaileak: «Berak esprintean aukera gehiago zuela hitz egin dugu eta niri bakarrik alde egiten saiatzeko esan dit. Jekerrek jo du erasoa aurrena eta haren atzetik abiatu ostean nik neuk jo dut erasoa. 10 bat kilometro egin ditut dena ematen, Van Goolen oso indartsu ari baitzen tiraka taldetxoan. 10 segundoko aldea eduki dut kilometro batzuetan eta Davidek, gero, lan ikaragarria egin du atzekoei eusten eta eroso, lasai, helmugaratu naiz».>

Gertuko senideei eskaini zien garaipena

Beti alboan izan dituen senideekin gogoratu zen Durangokoa garaipena nori eskainiko zion galdetu ziotenean: «Kizkitza emazteari, Ioar alabari eta gurasoei, une gozoetan eta ez hain gozoetan ondoan eduki ditudanei». Miguel Izagirre masajistarentzat ere hitz goxoak izan zituen bizkaitarrak, erdi serio, txantxetan. «Kozkor bat nuen belaun batean eta bere lanari esker kozkor hori desagertu egin da. Berak ere nire esker ona merezi du», adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.