Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako aurreneko partidako porrotaren arantza kendu zuen Itxakok atzo, eta mendean hartu zuen Hypo Niederoesterreich, Austrian. Etxetik at Lizarran baino hobeki aritu da orain arte Itxako Europan. Atzo ere ez zuen hutsik gabeko partida egin, baina erakutsitako lan serioa, presioari aurre egiteko gaitasuna eta ateko lana giltzarri izan ziren jokoan ziren bi puntuak eskuratzeko. Ondorioz, hurrengo faserako sailkatzeko urrats hagitz handia egin du Ambros Martinen taldeak. Entrenatzailea kontent zen emaitzarekin atzo, baina oraindik zer hobetu badutela onartu zuen.
Partidaren lehen unetik gelditu zen argi ez zela batere lan erraza izanen Hypori irabaztea. Erritmo bizia ezarri zion Austriako taldeak jokoari, eta nafarrek denbora pixka bat behar izan zuten pistan euren tokia hartzeko. Lortu zuten, hala ere, neurri handi batean Silvia Navarrok atean egin zuen lanari esker. 22 geldiketa egin zuen atzo. Zaila izan zen Hyporentzat atzo nafarren atea zulatzea. Austriako atezainak ere partida bikaina egin zuen. Sumatzen zen defentsako lana markagailuan. Hamabosgarren minutuan 4na berdinduta zegoen partida.
Berdinketa hori lortu eta gero, hain zuzen, gora egin zuen Itxakok. Carmen Martin pizgarri izan zen hegalean Lizarrako jokalarientzat, eta gora eraman zuen taldea. Atsedenaldirako 11-7 aurretik ziren nafarrak markagailuan. Serio ari zen Itxako, defentsa estutzen, baina erasoan, Alemaniako Leipzigen aurka galdu zuen partidan bezala, behar baino huts gehiago egiten.
Nerbioei eutsi
Lehen zatian bezala, hotz hasi zuten partida bigarrenean ere Itxakoko jokalariek. Hypok, berriz, etekina atera zion atsedenaldiari, eta partidako 36. minuturako ia hutsean utzi zuen nafarren aldea. 12-11 jarri zen markagailuan. Atzetik ziren, oraindik, baina hagitz hurbil.
Une horretan behar bezalako erantzuna ematen asmatu zuten nafarrek. Nerbioei eutsi zieten, presioari aurre egin zioten, eta zaleen aurrean Europako handienen kontra borrokatzen badakitela erakutsi zuten Martinen jokalariek.
Macarena Aguilar izan zen nafarren artean, Silvia Navarrorekin batera, gehien nabarmendu zen jokalarietako bat. Hyporen defentsa hausteko gaitasuna erakutsi zuen, eta atezainaren aurrean ez zuen hutsik egin.
Egoera ongi kudeatzen asmatu zuen Itxakok, eta lau gol aurretik jarri zen, berriz ere, 50. minuturako. Aldeari eutsi bertzerik ez zuen egin behar izan puntuak poltsikoratzeko. Garaipen garrantzitsua izan zen atzokoa Itxakoko jokalarientzat. Etxean ari zirelako eta hurrengo faserako sailkatzeko puntu erabakigarriak izan daitezkeelako atzokoak.
«Irabazi beharra zegoen», azaldu zuen Martinek partidaren amaieran. Silvia Navarro atezainak hitz berak baliatu zituen. «Hagitz kontent nago. Etxeko lehen partida galdu eta gero, gaur irabazi bertzerik ez genuen nahi, eta lortu dugu. Aurkari gogorra izan dugu aurrean, hala ere».
Gaur jokatuko da B multzoko bertze partida, Hungariako Korvex eta Leipzigen artean. Itxakoren hurrengo aurkaria, hain zuzen, Alemaniako taldea izanen da. Haren pistan ariko da.
Etxeko lana ongi eginda
Itxakok Hypori irabazi dio, eta Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkatzeko urrats handia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu