Athleticen ez dago atsedenerako astirik. Notizia pozgarria da hori. Talde guztien helburua izaten baita ahalik eta txapelketa gehienetan parte hartzea, eta, era berean, lehiaketa horietan ahalik eta urrutien iristea. Bada, Athletic oso ondo ari da erantzuten orain arteko erronka guztiei: Europan bermatuta dauka multzoko lehen postua jardunaldi baten faltan; Espainiako Kopan, berriz, bideratuta utzi zuen Oviedoren aurkako kanporaketa Carlos Tartieren jokatutako norgehiagokan; eta ligan, sasoi hasiera txarra egin ondoren sailkapenaren erdialdera arte igotzea lortu du.
Hala ere, zaleak ez daude erabat konforme erregulartasunaren lehiaketan ikusten ari direnarekin. Zehatzago esateko, ez daude gustura taldea San Mamesen erakusten ari den mailarekin. Orain arte jokatutako zazpi partidetan bi garaipenekin konformatu behar izan dira Bielsaren jokalariak. Uzta txikia da sei onenen barruan sailkatzea gura duen talde batentzat, eta egoera hobetzeko hasteko, gaur dauka lehenengo aukera Racingen aurka.
Athleticek ez du egutegi gogorra izan etxean. Sailkapenean erditik behera dauden taldeak izan dira San Mames bisitatu duten aurkari gehienak. Talde horien aurka erakutsi du gabezia gehien talde zuri-gorriak. Baloiaren jabe izan arren, ez da gai izan aurrean jarri dioten horma gainditzeko. Talde txikiak oztopo handi bilakatu dira. Bada, urteari amaiera eman aurretik, jaitsierako postuetan dauden talde bik bisitatuko dute Bilbo. Racingek gaur eta Zaragozak datorren larunbatean. Krisi larrian dauden talde bi izan arren, kezkatuta daude jarraitzaileak.
Egonezin horren berri izanik, lasaitasuna eskatu dute jokalariek. «Bistan da etxeko estatistikak hobetu egin behar ditugula. Halere, egiten ari garen lanean sinetsi behar dugu. Egoera normal batean, San Mamesen sortzen ari garen aukera kopuruarekin laister etorriko dira golak», adierazi zuen Andoni Iraolak. Athleticeko kapitainak aipaturiko aukerak ez dira, ordea, argi-argiak izan. Zerbait falta izan zaio Athletici kontrarioaren area ingurura gerturatzea lortu duen bakoitzean: kalitate falta izan da, batzuentzat; jokalarien freskotasun falta, beste batzuentzat; aurkariaren meritua nabarmendu beharra ere egon da behin edo behin… Kontua da zuri-gorriek ez dutela eraginkortasunik erakutsi. Eta ondorioz, Katedralean jokoan egon diren puntuetatik erdiak ere ezin izan ditu irabazi etxeko taldeak.
Racing, indartuta
Racing entrenatzailea aldatu berritan eta azken neurketa irabazi izanak ematen duen indarrarekin agertuko da Katedralera. Hector Cuperrek ez zuen gai ikusi bere burua Santanderren duten proiektua aurrera eramateko. Ondorioz, argentinarrak karguari uko egin arte bulegoetan lanean ari zen Juan Jose Gonzalezek hartu du taldearen ardura. Bestalakoak dira Athletic zuzentzen ari den argentinarraren inguruko kontuak. Etengabe hazten ari den taldea baita bizkaitarra. Eta, horretarako, jokalari kopuru mugatu baten aldeko apustua egin du entrenatzaileak. Kopan ligako azken partidako hamaikakoa errepikatu zuen. Eta badirudi gaur ere bide beretik jarraituko duela. Llorente ez da osatu, eta Toquero ariko da aurrean.
Etxeko lanak hobetzera
Athleticek bi garaipen baino ez ditu eskuratu etxeko zazpi partidetan, eta gaur ezin du hutsik egin Racingen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu