Etxeko lehen porrota

Baionak lehen oren erdi oso txarra egin du, eta jasotako hamazazpi puntuen atzetik ibili behar izan du partida osoan. Partidari itzulia eman arren, aukerak ez ditu baliatu, eta puntu batez galdu du

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
80 minututan emaitza kili-kolo egon da, eta partidak bere garailea ez du erabaki azken minutura arte. Baionak zorte onari eutsiko ziola iduri izan du une batez, baina, azkenean, etxean sasoiko lehen porrota jaso dute lapurtarrek. Puntu bakarreko aldea izan da Perpinya 2008ko Top14ko txapeldunaren eta 2009ko finalistaren eta Baionaren artean. Baina kataluniarrak garaipenaren lau puntuekin itzuli dira Perpinyara, eta baionarrek defentsako puntu gehigarriarekin konformatu beharko dute.

Partidaren gidoia eroa izan zen atzo. 80 minutuen ostean argi dago, baina, baionarren lehen oren laurdenak goitik behera baldintzatu zuela atzoko emaitza. Lehen jokaldian bizi hasi ziren etxekoak, baina hortik aitzina opari gehiegi egin zituzten. Lehen oparia hamargarren minutuan etorri zen. Baionako bost metroetan uztartzea gaizki kudeatu zuten etxekoek eta baloialibre utzi zuten. Cazenavek baloia hartu, eta Mermozi eman zion:3-7.

Hortik aitzina, Perpinyak aginte makila hartu zuen. Poricalek zigor kolpea sartu zuen, eta gibelekoen jokaldi bati esker Mermozek bere bigarren entsegua sartu zuen. Hogei minutu pasatu ziren eta Perpinyak 17-0eko partziala lortu zuen: 3-17 kataluniarrentzat.

Alferrikako iraulia

Baionak, orduan, lasai hasi zuen bere erremontada. Baloia eskuetan izan zuen, eta pixkanaka Perpinyaren faltak probokatu zituen. Lau aldiz asmatu zuen Boyetek eta atsedenaldian 15-17 hurbildu zen Christian Gajanen hamabostekoa. Poricalek haize gehiago eman zion Perpinyari, baina Joe Pietersen bikain hasitako jokaldi bati esker, Remy Martinek baionarren lehen entsegua lortu zuen: 20-20, partida berdinduta.

Minutuak aitzina joan ziren, eta 65. minutuan Hegik baloia atera zuen dortokatik. Baloia hegalera joan zen eta Pietersenek entsegua sartu zuen. Lehen aldikoz Baionak aitzina hartu zuen partidan: 25-20. Baina azken oren laurdenean kontrola galdu zuten etxekoek. Perpinya oldarkor sartu zen, eta Baionak faltak egin zituen. Bi aldiz protesta egin zuen, gainera, Perpinyako Poricali zigor kolpea lortzeko kokapen hobea eskainiz. Bost minuturen tartean, Poricalek berriz aitzina eman zion Perpinyari: 25-26.

Dena berriz egiteko zegoen Jean Daugerreko taldearentzat. Azken bost minutuetan aukerak izan zituen Baionak, baina ez zuen bakar batean asmatu. Lehenik, 40 metroetan eta eskinean Boyetek zigor kolpea izan zuen. Partidako lehen huts egitea heldu zitzaion, ordea. Perpinyak baloia gorde zuen, baina Baionak beste aukera bat izan zuen. 78. minutuan, eskas oso garrantzitsu bat zuen Perpinyako 22 metroetan. Zorigaitzez, baloia gaizki kudeatu eta galdu egin zuen. Azken minutuan, hirugarren aukera: zelai erdian eta eskinean zigor kolpea lortu zuen Baionak. Denborarik ez zen gelditzen, baina Boyeten ostikada ederrari zentimetro gutxi batzuk falta izan zitzaizkion garaipena Baionari emateko.



Baiona 25

Perpinya 26

Baiona. Iginiz (Lafond, 59. min.), Roumieu (Hegi, 43. min.), Baiocco (Avril, 43. min.); Linde, Flavell (Boutaty, 45. min.); Martin, Haare (Bernad, 56. min.), Puricelli (kap.); Gartzia (Audy, 77. min.), Boyet; Huget, Lacroix (Gower, 65. min.), Mazars, Peyras; eta Elhorga (Pietersen, 40. min.).

Perpinya. Freshwater (Schuster, 57. min.), Gely (Delonca, 71. min.), Pulu (Bourrust, 64. min.); Vilaceca (Bezian, 71. min.), Tchale-Watchou; Guiry, Tuilagi (Tonita, 57. min.), Chouly ; Cazenave (Boulogne, 63. min.), Hume (Bosch, 63. min.); Candelon, Mermoz (Michel, 77. min.), Marty (kap.), Plante; eta Porical.

Markagailua. 3-0, 3-7, 3-10, 3-17, 6-17, 9-17, 12-17, 15-17 (atsed.); 15-20, 20-20, 25-20, 25-23 eta 25-26.

Epailea. Patrick Pechambert.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.