Nazioartean hasi dira barrutiak lokazten. Zdenek Stybar txekiarra dabil denetan ederren lokatz artean. Lokatz bereziak zipriztinduta dabil Stybar, Munduko Kopako lehen bi probak irabazi dituelako. Baina pare bat koska behera eginda, begi bistan dago jada Euskadiko ziklo-kros denboraldia. Igandean hasiko da, Karrantzan (Bizkaia), nazioarteko probarekin. Amaitu, berriz, urtarrilaren 23an amaituko da, Ispasterren jokatuko den nazioarteko probarekin.
Euskadiko Txapelketa (abenduaren 26an, Elorrion) eta herrialdetakoak albo batera utzita (Bizkaikoa soilik dago zehaztuta, abenduaren 19an, Lezaman), tartean beste hamahiru proba jokatuko dira. Horietako bat Munduko Kopakoa izango da, abenduaren 5ean Igorren jokatuko dena-munduko txirrindularirik onenak bertan izango dira-; eta beste bi nazioartekoak, Muskizkoa-datorren astelehenean-, eta Asteasukoa, abenduaren 6an.
Etxeko lokatz zipriztinen zain daude zaleak, eta zipriztin horietan erakustaldiak emateko gogoz Egoitz Murgoitio eta Javier Ruiz de Larrinaga, bi faborito argiak. Murgoitiok urrats bat egin du aurrera denboraldi honetan, eta nazioarteko ziklo-kros egutegian barneratu da bete-betean. Urrutirago joan gabe, Munduko Kopako lehen bi probetan lehiatu da. Aiglen, Suitzan, 37. postuan amaitu zuen proba, Stybarrengandik 3.59 minutura; eta Plzenen, Txekian, 30. postuan, Stybarrengandik 3.24 minutura. Irteerako ordenak kalte egin dio bizkaitarrari bi proba horietan, eta pixkanaka Munduko Kopako lehen 15-20en artean sartzea du helburu.
Ruiz de Larrinaga, indartsu
Nazioarteko txirrindulari onenekin borrokan aritzeak koska bat gora egiteko aukera emango dio Murgoitiori, eta, ezuste handirik ezean, etxeko probetan nagusi izan beharko luke bizkaitarrak. Baina Ruiz de Larrinagak oso indartsu ekin dio denboraldiari; orain arte parte hartu duen bost lasterketetatik hirutan garaile izan da, eta beste bietan hirugarren eta laugarren amaitu du proba. Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa hirugarrenez irabaztea dauka buruan arabarrak -Munduko Txapelketan ere parte hartuko du, urtarrilaren 30ean, Alemanian-, eta horretarako aldatu egin du denboraldi-aurreko prestaketa. Ohi baino kilometro gehiago egin ditu errepidean, eta aurreko urteetan baino sasoi hobean ekin dio ziklo-kroseko egutegiari.
Baina Murgoitio eta Ruiz de Larrinaga bikoaren inguruan ibiltzeko helburua daukate beste txirrindulari askok ere. David Seco da horietako bat. Bizkaitarrak denboraldi amaieran hartuko du erretiroa, eta tartean-tartean aurreko muturrean ibiltzeko helburua dauka. Secorekin batera, Erlantz Uriartek osatuko du, ziurrenik, aurreko laukotea. Hori bai, etxeko lasterketa guztietan oso kontuan hartu beharko dira Isaac Suarez, Tino Zaballa eta Paco Mancebo espainiarrak, Jose Antonio Hermida kataluniarra, eta Oscar Vazquez eta Mauro Gonzalez galiziarrak. Behetik gorako bidean azken pausoa ematen saiatuko dira, berriz, Jon Ander Insausti gipuzkoarra eta Iñigo Gomez bizkaitarra.
Igandean Karrantzan eta astelehenean Muskizen izango dira lehen bi probak, eta lasterketa horietan hasiko da argitzen txirrindulari bakoitza zertarako gai den.
Etxeko zipriztinen zain
Igandean hasiko da Euskadiko ziklo-kros denboraldia, Karrantzan, eta urtarrilaren 23an amaituko da, Ispasterren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu