Etxekoa, altxorrik onena

Hondarribiak herriko estropada irabazi du San Miguel ligan, eta puntu batera gerturatu zaio Kaikuri

Etxekoa, altxorrik onena.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Handia, ikusgarria, ikaragarria... eta segi antzeko adjektiboak jar- tzen. Halakoekin azaldu behar baita atzo Hondarribiak eginikoa. Etxeko estropada irabazi zuen, aurtengo San Miguel ligako 11.a, eta lehiaketa preziatua irabazteko aukerak piztu egin zituen; Kaiku puntu batera du orain, zazpi estropadaren faltan. Duela sei urte irabazi zuen azkenekoz etxeko bandera, eta orduan, liga beretzat izan zen.

Erakustaldia eman zuten etxekoek. Bosgarren bandera du aurtengo ligan, baina atzokoa ezberdina izan zen, eta ez bakarrik herritarren aurrean lortzeagatik. Gailentzeko moduak ere aparteko bilakatzen du: beste lau garaipenetan, atzetik aurrerako lana eginez bordatu zuen bandera; atzo ez, atzo hasieratik jarri zen buruan. Lehen luzetik bertatik hautsi zituen Kaiku, Urdaibai eta Tiran. Ziabogan, hiru, lau eta sei segundo ateratzen zien, hurrenez hurren. Baliza horretan, Kaikuk ezin izan zuen buelta ondo hartu, olatuak behartu egin zuelako Gomez aurrekoa arraun txikia uretatik ateratzera. Anekdota baino ez zen izan, azkenean 21 segundo atera zizkiolako Hondarribiak Kaikuri (bosgarren izan zen). Txandako bigarren lekua lortzeko lehian bai egon zela estutasunik. Izan ere, Tiranek hiru segundo eskas atera zizkion Urdaibairi.

Nahikoa izan ziren bigarren txandan erakustaldia eman zuen San Pedro bien artean sartzeko. Egundoko lana eginez, hankapean erabili zituen beste hiru aurkariak: Castro, Portugalete eta San Juan. Nahiz eta lehen luzean, bizkaitarrak izan bizkorrenak, hortik aurrerakoak pasaiatarren aldeko joera izan zuen. Erregular dabil San Pedro aurten, eta atzo, sekulako jantzia eman zion aurreko lan on horri. Bigarren Castrok egin zuen, Portugalete azken txanpan gaindituz. San Juanatzerago sartu zen, hasieratik ezinean aritu eta gero. San Pedroren emaitza bikainak sari potoloa emango dio gaurko, Zumaiako estropadan (12:15) ohorezko txandan izango delako; Kaikuk aldiz, bigarrenean jardun beharko du.

Pedreñak arnasa hartu du

Lehen txandan, jaitsierako kanporaketa saihesteko lehia zegoen jokoan. Pedreñak irabazi zien lehia Astillerori eta Zumaiari, eta arnas pixka bat hartu du. Asko zuten jokoan hirurek, eta urduritasunak jota, Pedreña azkarregi atera zen, epaileak bandera astindu aurretik. Hiru segundoko zigorra izan zuen horregatik, baina txandan gailentzeko ez zioten enbarazu handirik egin. Bigarren luzetik hartu zuen aurrea, eta halaxe amaitu zuen. Atzetik, Astillero eta Zumaia estuago zetozen. Bazirudien zumaiarrek irabaziko zutela lehia, azken ziabogan lau segundo aurretik sartu zirelako, baina espainiarrek puntu bat atera zieten, azken txanpan eta lan asko eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.