Arrauna

Etxekoen festa biribila izan da

Donostiarrako bi ontziek irabazi dute Fabrika Bandera. Gizonezkoek hirugarren aldiz egin dute azken lau edizioetan. Bigarren Zierbena izan da, 1,74 segundora, eta hirugarren, Urdaibai, 5,48ra

Arkaitz Diaz Donostiarrako patroia, bandera astintzen. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Mirarietan sinetsi egin behar dela berretsi du Donostiarrak Eusko Label ligan. Egundokoa egin zuen aurreko denboraldian, etxeko bandera irabaziz, eta lidergoa eskuratuz. Lehenago ere, 2020an, etxeko Fabrika Bandera irabazi zuen. Aurten, berriro erakutsi du etxeko eremua bikain menderatzen duela. Azken lau edizioetatik hiru irabazi dituzte donostiarrek. Sekulakoa da. Baina atzo, oraindik ere handiagoa egin zuten, etxeko beste traineruak ere irabazi baitzuen Euskotren ligan. Lehen aldiz astindu zuten bandera etxeko estropadan.

Ez zen estropada erraza izan Eusko Label ligakoa, eta azken segundora arte itxaron behar izan zuten garaipen bikoitza ospatzeko. Zierbenako mutilak izan ziren etxekoen ospakizuna zapuzten saiatu zirenak. Ohorezko txandatik atera, eta estropada bikaina osatu zuten bizkaitarrek. Halere, garaipena eskuetatik joan zitzaien, 1,74 segundoren aldearengatik. Hirugarren Urdaibai izan zen, bigarren txandatik aterata. Donostiarrak baino 5,48 segundo gehiago behar izan zituzten bermeotarrek. Laugarren, berriz, Hondarribia izan zen, ohorezko txandatik aterata. Donostiarrarengandik 9,72ra bukatu zuten estropada hondarribiarrek.

Ohikoa ez den arren, arretagunea bigarren txandan egon zen. Donostiarra, Urdaibai, Isuntza eta Ondarroa atera ziren. Lehen biek lehia izugarria izan zuten, eta hasieratik hartu zuten txandaren burua. Urdaibai iritsi zen lehena ziabogara, traineru bateko aldearekin. Baina distantzia horrek ez zuen asko iraun: Torrekua-k Bou Bizkaia gainditu zuen, eta bigarren ziabogarako 500 metro falta zirenean, distantzia bi traineruetara joan zen; 11 segundo azken ziabogatik 700 metrora. Donostiarrak zortzi segundo hobeto egin zuen azken bira, eta txanda amaituta zegoela zirudien. Hala ere, Urdaibai ez da aise amore ematen duen trainerua, eta ez zuen azken hatsa eman helmugara iritsi arte. 500 metrora bermeotarrak hamar segundo atzetik zihoazen, eta azkenean bost segundora bukatu zuten. Isuntza izan zen hirugarren, 22 segundora, eta Ondarroa, laugarren, 33 segundora.

Ohorezko txanda Zierbenak, CoruƱako irabazleak, Oriok, Hondarribiak eta Getariak jokatu zuten. Eguneko azken estropada tentsioarekin hasi zen, Zierbenaren eta Hondarribiaren artean, ia arraunak ukitu arte elkartu baitziren. Hirugarren kalean sartu ziren galipo-ak, eta epaileak ababorrera bidali zituen. Bandera urdina ere erakutsi zien epaileak. Handik metro batzuetara Hondarribia izan zen bigarren kalean sartu zenean zuzendu behar izan zuena. Azkenean, Zierbenak Galizian erakutsitako mailari eutsi zion, eta estropada bikaina osatu zuen; lider sendoa da. Lanerdietara iristerako, Zierbenak traineru baten aldea atera zion Hondarribiari, eta azken luzean oraindik ere alde handiago ireki zuen. Hogei minutu eta hamabi segundoko denborarekin iritsi ziren bizkaitarrak. Txanda beraientzat izan zen, Mikel OrbaƱanosen taldea gaindituz. Ama Guadalupekoa-k ezin izan zuen Urdaibai gainditu, baina ohorezko txandan ariko da gaur. Hirugarren, Getaria izan zen, 23 segundora, eta laugarren, Orio, 34 segundora.

Jardunaldiko lehen txandan Santurtzi, Cabo, Meira eta Kaiku aritu ziren. Lau traineruak oso pareko hasi ziren, ia denbora tarterik gabe, baina lehen ziabogan Meira atzean geratu zen, eta Santurtzi bigarrenean trabatu zen. Kaikurekin luze borrokatu ondoren, Cabok 20 minutu eta 32 segundoko denbora egin zuen. Bigarren Kaiku izan zen, bederatzi segundora; hirugarren, Santurtzi, 40 segundora; eta laugarren, Meira, 50 segundora.

Asteburuko bigarren estropada gaur jokatuko dute, Zierbenan (Bizkaia), 12:15ean (ETB1). Liderra etxean ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.