Arrauna

Etxekoen festa biribila izan da

Donostiarrako bi ontziek irabazi dute Fabrika bandera. Gizonezkoek hirugarren aldiz egin dute azken lau edizioetan. Bigarren Zierbena izan da, 1,74 segundora, eta hirugarren, Urdaibai, 5,48ra

Arkaitz Diaz Donostiarrako patroia, bandera astintzen. GORKA RUBIO / FOKU
pettan uralde
2023ko uztailaren 8a
20:53
Entzun

Mirarietan sinetsi egin behar dela berretsi du Donostiarrak Eusko Label ligan. Egundokoa egin zuen aurreko denboraldian, etxeko bandera irabaziz eta gainera lidergoa eskuratuz. Lehenago ere, 2020ean, Fabrika bandera irabazi zuen, eta aurten, etxeko eremua bikain menderatzen duela erakutsi du. Azken lau edizioetatik hiru irabazi dituzte donostiarrek. Sekulakoa da. Baina gaur, oraindik ere handiagoa egin dute, etxeko beste traineruek ere irabazi baitu Euskotren ligan. Lehen aldiz astindu dute bandera etxeko estropadan.

Ez da estropada erraza izan Eusko Label ligakoa, eta azken segundora arte itxaron behar izan dute garaipen bikoitza ospatzeko. Zierbenako mutilak izan dira etxekoen ospakizuna zapuzten saiatu direnak. Ohorezko txandatik atera, eta estropada bikaina osatu dute bizkaitarrek. Hala ere, garaipena eskuetatik joan zaie, 1,74 segundoko aldearengatik. Hirugarren Urdaibai izan da, bigarren txandatik aterata. Donostiarrak baino 5,48 segundo gehiago behar izan ditu. Laugarren, berriz, Hondarribia izan da, ohorezko txandatik aterata. Donostiarrarengandik 9,72ra bukatu dute estropada hondarribiarrek.

Ohikoa ez den arren, fokua bigarren txandan zegoen gaurko estropadan. Donostiarra, Urdaibai, Isuntza eta Ondarroa atera dira. Lehen biek lehia izugarria izan dute, eta hasieratik hartu dute txandaren burua. Urdaibai iritsi da lehena ziabogara, traineru bateko aldearekin. Baina distantzia horrek ez du asko iraun Torrekua-k Bou Bizkaia gainditu du, eta bigarren ziabogarako 500 metro falta zirenean, distantzia bi traineruetara joan da; 11 segundo azken ziabogatik 700 metrora. Donostiarrak zortzi segundo hobeto egin du azken bira, eta txanda amaituta zegoela zirudien. Hala ere, Urdaibai ez da aise amore ematen duen trainerua, eta ez du azken hatsa eman helmugara iritsi arte. Helmugatik 500 metrora Bermeokoak hamar segundo atzetik zihoazen, eta azkenean bost segundora bukatu dute. Isuntza izan da hirugarren, 22 segundora, eta Ondarroa, laugarren, 33 segundora.,

Ohorezko txanda Zierbenak, Coruñako irabazleak, Oriok, Hondarribiak eta Getariak jokatu dute. Eguneko azken estropada tentsioarekin hasi da, Zierbena eta Hondarribiaren artean, ia arraunak ukitu arte elkartu baitira. Hirugarren kalean sartu dira Galipo-ak, eta epaileak ababorrera bidali ditu. Bandera urdina ere erakutsi du epaileak. Handik metro batzuetara Hondarribia izan da bigarren kalean sartu denean zuzendu behar izan duena. Azkenean, Zierbenak Galizian erakutsitako mailari eutsi dio, eta estropada bikaina osatu du. Lanaren erdira iristerako, Zierbenak traineru bateko aldea atera dio Hondarribiari, eta azken luzean oraindik ere alde handiago ireki du. 20 minutu eta hamabi segundoko denborarekin iritsi dira bizkaitarrak. Bigarren Hondarribia izan da, zortzi segundora; hirugarren, Getaria, 23 segundora; eta laugarren, Orio, 34 segundora.

Jardunaldiko lehen txandan Santurtzi, Cabo, Meira eta Kaiku aritu dira. Lau traineruak oso pareko hasi dira, ia denbora tarterik gabe, baina lehen ziabogan Meira atzean geratu da, eta Santurtzi bigarrenean trabatu da. Kaikurekin luze borrokatu ondoren, Cabok 20 minutu eta 32 segundoko denbora egin du. Bigarren Kaiku izan da, bederatzi segundora; hirugarren, Santurtzi, 40 segundora; eta laugarren, Meira, 50 segundora.,

Fabrika Bandera
1. Donostiarra 20.10,42
2. Zierbena 1,74ra
3. Urdaibai 5,48ra
4. Hondarribia 9,72ra
5. Cabo 22,20ra
6. Lekeitio 22,44ra
7. Getaria 25,12ra
8. Kaiku 30,64ra
9. Ondarroa 33,36ra
10. Orio 35,86ra
11. Santurtzi 1.02,04ra
12. Meira 1.11,74ra
Eusko Label Liga
1. Zierbena 23 puntu
2. Hondarribia 20 pt.
3. Donostiarra 18 pt.
4. Urdaibai18 pt.
5. Getaria 16 pt.
6. Lekeitio 12 pt.
7. Orio 12 pt.
8. Cabo 11 pt.
9. Ondarroa 11 pt.
10. Kaiku 7 pt.
11. Meira 5 pt.
12. Santurtzi 3 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.