Txirrindularitza

Etxeratu aurretik, Greipelen hirugarrena

Andre Greipelek (Lotto) irabazi du Italiako Giroko hamabigarren etapa, esprintean, Caleb Ewani (Orica) aurrea hartuta. Bob Jungelsek (Etixx) jarraitzen du lider.

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 19a
17:33
Entzun

Besapean hirugarren garaipena hartuta joango da etxera Andre Greipel (Lotto). Taldeak goizean jakinarazi du alemaniarrak azken etapa zuela gaurkoa, eta modurik onenean amaitu du Giroa, hirugarrenez etapa irabazita. Bibioneko zirkuitu arriskutsuak eta euriak eraginda, denborak azkenaurreko itzulian hartzea erabaki dute epaileek, eta esprinterren lehia izan da azken zortzi kilometroetan. Talde guztiaren lan dotorea baliatuta, estututasun handirik gabe irabazi du Greipelek, Caleb Ewani (Orica) aurrea hartuta. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Bob Jungelsek (Etixx) jarraitzen du lider.

Esprintaren aurretik bi laguneko ihesaldia izan du Giroko hamabigarren etapak, baina tropelak nahi izan duenera arteko baimena izan dute Daniel Ossek (BMC) eta Mirco Maestrik (Bardiani). Lau minututik gorako aldearekin ibili ondoren, 22 kilometro falta zirela geratu da ezerezean ahalegina. Palmanova eta Cividale del Friuli artean hamahirugarren etapa jokatuko dute bihar, 170 kilometrokoa. Montemaggiore (1), Crai (2), Cima Porzus (1) eta Valle (2) igo beharko dituzte, azkena helmugara iristeko hamalau kilometro faltako direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.