Atletico Madrilen aurka Nafarroako Erresuman 2-3 galdu ostean, bide onera itzuli nahi du Osasunak gaur arratsaldean Molinon futbol zelaian, Sportingen aurkako norgehiagokan. Gijongo taldea bolada bikainean da, eta ez da partida erraza izango, dena dela. Azken hilabetean jokatu dituen lau partidetatik hiru irabazi eta bat berdindu egin du Manolo Preciadok zuzentzen duen taldeak, eta hazita daude Sportingeko jokalariak.
35na punturekin berdinduta dira Osasuna eta Sporting sailkapenean, eta mailari eusteko lehian aurrerapauso itzela eman dute bi taldeek azken hilabeteetan. Oraindik lanean jarraitu beharrean dira bi taldeak, dena dela, eta gaur arratsaldeko norgehiagoka irabazteko gai denak gertu ikusiko du mailari lasaitasunez eustea. Sportingen azken emaitzak ikusita —Real Madrilen zelaian 0-1 nagusitu zen iragan asteburuan— Osasunak partida zaila daukala argi dago, baina Jose Luis Mendilibar Iruñera iritsi denetik Osasunak hobera egin du nabarmen, eta etxetik at jokatu dituen azken bi partidak irabazi egin dituzte gorritxoek, Malagaren eta Herculesen zelaietan, hain zuzen ere. Jarraian hirugarren partida irabaztea da orain asmoa.
Lehia orekatua espero da gaur Molinonen, eta berdinketa ez da emaitza txarra Osasunarentzat, jaitsiera postuak sei puntura izateaz gain, lehen itzulian Sporting menderatu egin baitzuten Iruñean (1-0): «Berdinketa ona izan daiteke akaso, bai. Partida nola doan ikusi ostean erabaki beharko dugu hori, dena dela. Lehen zatian partidaren bila zelairatuko gara, irabaztera, baina partida nola joan den ikusi ostean, bigarren zatian berdinketa ontzat ematea gerta liteke. Partida nola hasten den da garrantzitsuena. Lehia irekia, orekatua eta aukera askokoa espero dut nik», esan zuen atzo Mendilibarrek azken entrenamendua amaitu ondorengo agerraldian.
Pandiani deialdian
Hasierako hamaikakoan ez da berritasun askorik izango, baina gutxienez aldaketa bat egitera behartuta da entrenatzaile zaldibartarra, Sergio erdiko atzelari beteranoa zigortuta baita Atletico Madrilen aurka ikusi zuen txartel gorriaren ondorioz. Flaño da hura ordezkatzeko hautagai nagusia, baina Josetxok ere izan dezake aukera, eta biak hasieratik aritzea ere ezin da baztertu, Lolok arazo fisikoekin amaitu baitzuen atzoko lan saioa. Sukarrak jota ostegunean eta ostiralean entrenatzerik izan ez bazuen ere, Ricardo atepean izango da. Pandiani da hemeretzi jokalariko deialdiko berritasun nagusia.
Etxetik at hirugarren partida irabazi nahi du jarraian Osasunak
Nafarrak berdinduta daude Sportingekin, 35 punturekin, eta sei puntura dituzte jaitsiera postuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu