Bazuen garaia, eta azkenean estreinakoz irabazi du Realak etxetik kanpo denboraldi honetan. Non eta Getaferen zelaian. Joan den urteko apirilaren 26az geroztik ligan halakorik lortu gabe ziren txuri-urdinak eta, azkenean bai, azkenean hautsi du madarikazioa. Ez sufritu gabe, ordea. Partida gorabeheratsua jokatu du David Moyesen taldeak; gabezia handiak erakutsi ditu, eta Getafe bera akaso gehiago ere izan da sarritan. Rullik lehen zatian egindako lan onari eta Iñigok bigarrenean sartutako golari esker, baina, Realak eskuratu ditu hiru puntuak. Urrezko hiru puntuak, egiari zor. Izan ere, garaipenaren ondorioz, sailkapenean lasai dira orain donostiarrak, zulotik nahiko urrun.
Partidak hasiera orekatua izan du. Ezin zitekeen bestela. Besteak beste, antz handiko bi talderen traza azaldu baitute Getafek eta Realak. Baloiarekin eroso sentitu dira, baina baloirik gabe ez. Erritmo motelean jokatu dituzte lehen minutuak, hotz, eta Getafek izan du lehen gol aukera garbia. Zelai erdiko akats baten erruz, Alvaro Rulliren aurrean geratu da buruz buru, eta argentinarra maisuki aritu da. Bai aukera hartan, baita geroago ere. Hain justu, hura izan baita Realeko jokalaririk onena, lehen zatian bederen. Hori bai, zortea ere lagun izan du. 20. minutuan, esaterako. Pedro Leonek sekulako jaurtiketa egin du areaz kanpotik, eta langa jo du baloiak. Gerora, Realak berak zerbait gehiago egin du erasoan, eta izan du aukera bat edo beste. Ordea, goletik urrun egon da txuri-urdinen erasoa.
Goletik urrun eta, era berean, gola jasotzetik gertu. Bai behintzat lehen zatiaren amaieran. Atsedenaldia ez da nahi orduko heldu Realarentzat. Hasteko, Juan Rodriguezen jaurtiketa bat ozta-ozta joan da kanpora. Gero, Pedro Leon gola egiteko zorian izan da, eta, azkenik, aukera bikoitza izan dute Alvarok eta Sarabiak. Guztiek ere Rullirekin egin dute topo, baina. Rulliren erakustaldiarekin.
Golean, zortea lagun
Eta bigarren zatiak bestelako joera hartu du, donostiarren mesederako. Ongi zelairatu dira, beste freskotasun batekin, eta distira falta arren, erasoan nahiko fin aritu dira. 52. minutuan aukera ederra izan du Xabi Prietok, baina ez du asmatu. Bai ordea Iñigok, 66.ean. Granerok falta atera, Iñigok buruz zutoinera errematatu, eta aldaratzean sareetarako bidea hartu du baloiak, Guaitaren bizkarrean jo ostean. Balio handiko gola izan da. Gero sufritu egin du Realak, baina sufrikarioak urrezko balioa izan du amaieran.