Golak sartzea da Imanol Agirretxeren (Usurbil, Gipuzkoa, 1987) egiteko nagusia, eta denboraldi-aurrean horixe egin du. Sei gol sartuta, taldeko golegilerik finena izan da beste behin. Bihartik aurrera, beste horrenbeste egin nahi du.
Sei astez lanean jardun eta gero, Philippe Montanierrek dio taldea prest dagoela liga hasierarako. Zuk zer ondorio atera dituzu?
Entrenatzaileak zehaztutako helburuak bete ditugunez, sasoiko iritsiko garelakoan nago. Lehengo urtekoaren ildo beretik aritu gara lanean denboraldi-aurrean.
Duela urte batzuk, sasoi ezberdinak topatzeaz hitz egiten zen, gorakada eta beherakadekin. Ikuspegia aldatu egin al da?
Denboraldi osoan, jakinik guk ligan atera behar ditugula babak heltzetik, astero-astero egon behar duzu indartsu, gorabehera gutxirekin. Gu ez gara partida jakin baterako prestaketa berezia egin dezakeen talde horietako bat, esate baterako finalen bat jokatu behar dutenei gertatzen zaien moduan. Eguneroko lanak emango dizu gorputzaldirik egokiena astez aste baldintza txukunetan lehiatu ahal izateko.
Kontraerasora joateko joera handiagoa izango al duzue denboraldi honetan?
Ez da aldatuko iaz txertatutako ideia. Baloiaren jabe izan nahi dugu, eta horren arabera min egiten saiatu.
Etxetik kanpo puntu gehiago biltzea al da erronka nagusia?
Zalantzarik gabe. Badakigu Anoetan sendo izaten jarraitu behar dugula eta horrek emango dizkigula punturik gehien. Barneratuta daukagu hori, eta ezinbestekoa da. Hortik aurrera, hori bai, loturarik gabe jokatu behar dugu, beldurrak gainetik kenduta. Mestallan eta Camp Noun joan den denboraldian erakutsitakoak erreferentziatzat balio beharko liguke. Egun haietako mentalitatea topatzen ahaleginduko gara emaitza hobeak lortzeko.
Beldurrak kentzeko, iraunkorragoa izan behar da.
Bai, baina ez da erraza. Gu geu etxean indartsu sentitzen garen moduan, beste askori ere beste hainbeste gertatzen zaie etxean aritzen direnean. Horri hartu behar diozu gaina. Zer galdurik izango ez bagenu bezala irten behar dugu, eta ezer aterako ez dugunetan, nahiz eta itxura ona eman, desadostasuna adierazi. Aurreko sasoian iruditzen zait urrats bat egin genuela, eta sasoi honetan beste bat egitea da helburua.
Aldatu al da taktikoki taldea ezertan?
Ez. Entrenatzailea ideia finkoekin etorri zen, eta horiei eutsiko diogu. Horiek lantzen aritu gara, hobeak izateko.
Nola ikusi duzu denboraldi-aurrean Montanier?
Aurreko denboraldian une latzak bizi eta gero —Betisen aurkako Sevillako neurketa datorkit gogora, adibidez—, lasaiago ikusi dut, kokatuago, jarriago. Haren bigarren urtea izango denez, guri ere gauza bera gertatu zaigu. Entrenatzailea berria denean, urduriago zaude, haren gogoko izan nahi duzulako hasierako taldean sartzeko; bestelako gorputzaldiarekin zaude.
Etorri diren jokalari berriekin lehiakorragoak al zarete?
Ez nuke halakorik esango, multzoaren gehiengoak jarraitzeaz gain, joan den denboraldiko taldearentzat errespetu falta litzatekeelako. Orain etorri direnek barruan duten onena atera nahiko dute, joan direnek egin zuten bezalaxe.
Harritu al zaitu inork egun hauetan egindako lan onagatik?
Ruben Pardo eta Javi Ros nabarmenduko nituzke, nahiz eta talde osoa fin ikusi dudan. Asko gustatu zait haiek egindakoa. Ruben aise aritzen da futbolean, eta Javik, berriz, irtenbideak emango dizkigu, edozein postutan baita oso lehiakorra. Benetan baliagarriak izango zaizkigu.
Griezmann ez zenuke sartuko zaku horretan?
Ez, badakidalako zertarako gai den. Kontzentratuta eta bizi-bizi ikusi dut, buruhausterik gabe, puntu bat gehiagorekin. Asko emango du.
Garai gozoan dauden jokalariak beharko dituzue, bai, Bartzelonari bihar haren etxean aurre egiteko.
Ez da inoiz samurra izaten halako talde baten kontra jokatzea. Izan hasieran, izan bukaeran, ez dago une egokirik horretarako. Han eta hemen aritu behar izan dute neurketak jokatzen, horietako asko Puerto Ricotik etorri berriak dira, baina ez dut uste horrek abantailarik emango digunik. Horretara ohitu dituzte gorputza eta gogoa; beti aritzen dira ondo.
Sentipen onekin amaitzeak asko balioko luke aurrera begira.
Bai. Futbola emaitzek mugitzen duten arren, buru aldetik sendo egoteak izugarrizko garrantzia du. Esango nuke horrek%90 agintzen duela jokalari batengan.
Sasoiko iritsi al zara zu zeu ere?
Azken urte hauek asko eman didate; izugarri ikasi dut. Futbolari moduan lodituz zoaz, eta, pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago gozatzen duzu zelai gainean. Ikasten jarraitzeko gosez nago.
Futbola. 2012-2013 denboraldia: Reala. Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria
«Etxetik kanpo hobetzea da erronka, eta beldurrak kendu behar ditugu horretarako»
Reala liga hasierara «indartsu» iritsi delakoan da Imanol Agirretxe. «Sailkapenean gora egin ahal izateko, loturak kendu beharra» nabarmendu du talde txuri-urdineko aurrelariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu