Etxetik kanpoko bolada txarra eten eta helburura hurbildu nahi du Realak

Txuri-urdinek bikote berria izango dute defentsaren erdian: Ansotegi eta Demidov hasieratik ariko dira

Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko bi hilabeteetan egin ez duena egiten ahaleginduko da Reala bihar Cornella El Prat zelaian: etxetik kanpo esku-hutsik ez itzultzen. Hala balitz, Philippe Montanierrek finkatutako helburua, apirilean mailari eustekoa, are eta gertuago izango lukete. Azken asteetako zenbakiek agerian uzten dute txuri-urdinak ez direla gai Anoetako bizitasunarekin jokatzeko handik urrun. Bildutako uzta gosez hiltzeko modukoa baita. Punturik lortu ez eta hamalau gol hartu, ia hiru golneurketa bakoitzeko. Velak, Mikel Gonzalezek eta Xabi Prietok baino ez dute zulatu aurkariaren atea. Zenbaki tristeak oso. Horregatik, sendoago, biziago, gogorrago eta uste handiagoarekin aritu ezean, batik bat baloirik gabeko lanean, nekez atera ahal izango dute ezer Espanyolen jokaleku zailetik. Joko irizpide horiek aldatzea negoziaezinak dira entrenatzailearentzat.

Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez min hartuta daudenez, Jon Ansotegiren txanda izango da. Itzuli oso bat itxaron behar izan du horretarako. Hain zuzen ere, Espanyolen kontra Anoetan berdindu ostean, sailkapeneko azkenak izan ziren txuri-urdinak lehen itzulian. Zorionez, norabidea garaiz zuzendu dute.

«Egia da jokatzeko aukerak baditudala, eta hasierako taldean baldin banago, dauzkagun hutsuneak nabarmendu ez daitezen ahaleginduko naiz», zioen Ansotegik asteartean. Bera eta Vadim Demidov izango dira erdiko atzelariak. Azken aldiz iazko maiatzean aritu ziren elkarrekin biak, Zaragozaren aurka. Hori kenduta, Montanierrek ez dauka zertan aldaketa gehiago egin, nahiz eta Aranburuk eta batez ere Xabi Prietok jokatzeko aukera izan.

ESPANYOL-REALA

Espanyol. Casilla, Lopez, Rodriguez, Moreno, Didac; Baena, Gomez; Weiss, Verdu, Coutinho; eta Uche.

Reala. Estrada, Ansotegi, Demidov, De la Bella; Elustondo, Illarramendi, Zurutuza; Vela, Griezmann eta Agirretxe.

Epailea. Muñiz Fernandez.

Lekua. Cornella-El Prat (40.500 ikusle).

Ordua. 18:00 (C+L2 eta O.I.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.