Toni Kukocekin hazi zen Tbilisin Tskita. Haren hirukoak ikusten telebistan, «ezker eskumutur bikain harekin gozatzen». Kroaziarra bezalakoa izan nahi zuela sartu zitzaion buruan, eta hirukoak bota eta bota hasi zen. Hazten eta hazten zihoan neurri berean, ia, 2,12 metro luze baita. Tskitak erotuta ere ez zuen pentsatzen bere bizitzak halako bueltak emango zituenik. Eslovenian egin zuen lehen geltokia, Bennettonen hurrena, eta, 19 urte zituela, NBAra egin zuen jauzi. Denver Nuggetsek draft-eko bosgarren postuan hautatu zuen, eta hara joan zen. Ez zen erabaki erraza izan, baina ez da damutzen: «Nola esango nion ba Denverri ez nuela hara joan nahi, haiek ni bosgarren zenbakian hautatu ondoren?».
«Draft-ean talentu gehien daukan hegaleko garaia da», esan zuen orduko Denverreko managerrak, Kiki Vandeweghe jokalari ohi ezagunak. Esan, esan zuen, baina Tskitarentzat ez zen zoriontasun garaia izan: «Ez nuen aukera handirik eduki, eta hiri batetik bestera ibili nintzen: Denver, Oakland, Minnesota, Phoenix, New York...». Munduan oso gutxik egindakoa egiteko denbora eman zion, halere: «Michael Jordanen aurka jokatu nuen, eta Kevin Garnetten profesionaltasunak harritu ninduen. Orain nahiko fama txarra hartu du bere trash talking-arekin (hizkuntza zakarra), baina jokalari aparta da».
AEBetan ohitu ezin, eta Errusiako ekialdeko muturrera joan zen, Vladivostokera, eta handik Espainiara, Caja San Fernando taldera. Fuenlabradan bikain jonatu aurretik Italian eta Grezian aritu zen berriro, eta udan Donostian lur hartu zuen. Zergatik Donostia? «Itsasoa dauka, eta berdea da. Bi baldintza horiek garrantzitsuak dira niretzat. Fuenlabradako Jon Kortaberria jokalaria laguna dut, eta hark esan zidan aukera banuen hona etortzeko. Ohitu egin behar naiz zuen bizitzeko modura, baina pertsona onak zarete, Espainia guztia atsegin dut». Tarte txiki bat egin du: «Beno, badakit zuek Baskonia zaretela [horrela deitu dio Euskal Herriari]».
Baskoniari buruz galdetu du segidan. «Egia al da euskara eta Georgiako hizkuntza antzekoak direla?». BERRIA euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra dela esan, eta harrituta geratu da, berak Georgian duen lagun baten bigarren izena «Berria» omen delako. Georgiaz galdetu, eta begiek dir-dir egiten diote: «Alaba irailean jaio zen, eta hiru aldiz bakarrik egon naiz berarekin. Laster joango naiz egun pare baterako Tbilisira, ea indar pixka bat hartzen dudan».
Emaztea eta alaba Donostiara ekartzea aztertzen ari da, eta gurean eman dituen bi hilabeteak gogoan, aukera ona litzatekeela dio. Lagun Aron denbora gehiago egiteko ondo jokatu behar duela badaki, baina baita bide onetik ari dela ere. Ia zortzi puntu saskiratzen ari da batez beste, aulkitik kantxaratuta, eta ia bi hiruko sartzen ditu partidako, %45eko portzentaje bikainarekin.
Hain garaia izanda, saskipetik hain urrun zergatik jokatzen duen galdetu, eta honakoa erantzun du: «Gazte nintzela hasi nintzen hiruko jaurtiketetan trebatzen, eta nahiko azkar mugitzen naiz kanpoko lerroan. Gaur egungo saskibaloian ohikoa da kanpotik jaurtiketa ona duten jokalari garaiak fitxatzea, eta ni horietakoa naiz». Jakin badaki, halere, saskipean gehiago lagundu behar duela, erreboteak hartzerakoan-eta, baina erasoan argi du bere zeregina: «Doblas, Miralles eta Mo ditugu saskiperako [Mohammed Kone], hiru horiek ederki moldatzen dira edonoren aurka nik lagundu gabe».
Manresakoarekin amorratuta
Azken partidan Manresan gertatutakoaz galdetuta, amorratu samar mintzo da: «Kaka, gurea zen garaipena, baina oso zorte txarra izan genuen. Azken saskiratzean sekulako zortea izan zuen San Miguelek». 6-2 edo 5-3 balantzearekin mundua ezberdin ikusten dela onartu du, baina ondo ari direla nabarmendu nahi du: «Hutsegite txiki bat izan da, baina buelta emateko lehengaia dugu sobera. Jokalari gazte on asko ditugu, eta gora egingo dugu».
Tskita izan zen, hain zuzen ere, Manresan Lagun Aroren azken hirukoa saskiratu zuen jokalaria, eta harrituta utzi duen jokaldi bati esker saskiratu omen zuen: «Extra pass esaten diote hemen (azkeneko pasea). Kokapen onena duen jokalaria bilatzen saiatzen gara beti, eta ni oso kontent nago, taldekideek badakitelako hiruko eraginkorra dudala. Asko gustatzen zait extra pass delakoa, eta horri esker denboraldi honetan taldeari garaipen gehiago ematea espero dut». Bihar izango du lehen aukera, Valentziaren aurka, baina ez da azkena izango. Ondorengoak emaztea eta alabari merezitako bisita egin ondoren izatea espero du.
Nortagun agiria
Izena. Nikoloz Tskitixvili.Jaioterria. Tbilisi (Georgia).
Jaioteguna. 1983ko apirilaren 14a.
Garaiera. 2,12 metro.
Pisua. 111 kilo.
Postua. Hegal pibota.
Ibilbidea. KK Slovan (1999-2001), Benetton (2002), Denver Nuggets (2002-2005), Golden State Warriors (2005), Minnesota Timberwolves (2005-2006), Phoenix Suns (2006), New York Knicks (2006), Caja San Fernando (2006-2007), Siviglia Wear Teramo (2007-2008), Fuenlabrada (2008-2009), Panionios (2009), Fuenlabrada (2009-2010) eta Lagun Aro GBC (2010etik).
Sasoi honetako estatistikak. 21 minutu jokatu ditu partidako, eta 8,3 puntu eta 3,9 errebote lortu ditu batez beste.