Futbola

Eurokopako neurketak 13.000 lagunen aurrean jokatuko dira San Mamesen

Espainiako Futbol Federazioak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak sinatutako dokumentuen arabera, %25eko edukiera baimenduko dute. Ekainean jokatuko dira neurketak Bilbon. Larunbaterako manifestazio nazional bat egitera deitu du Eurokopa honi ez plataformak.

Berez 53.000 lagun inguru sartzen dira San Mames estadioan. Horren laurdena baimenduko dute. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko apirilaren 7a
11:55
Entzun

Eurokopa publikoarekin jokatuko da San Mamesen. Hala erabaki dute Espainiako Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Bilboko Udaleko iturriek Europa Press berri agentziari baieztatu diotenez. Bi erakunde horien artean osatu eta sinatu dituzte UEFAk Bilboko egoitzaren inguruan eskatzen zituen dokumentuak, eta, hala, neurketetara 13.000 lagun inguru joan ahalko dira, estadioaren edukieraren %25.

Joan den urtean egitekoa zen Eurokopa ekainean jokatuko dute, Europako hamabi herrialdetan. Bilbok multzokako fasea eta final-zortzirenetako neurketa bat hartuko ditu; zehazki, Espainiak, Sueziak, Poloniak eta Eslovakiak osatzen duten multzoak jokatuko du San Mamesen.

Europa Pressen arabera, Espainiako Federazioak eta Jaurlaritzak hainbat aste zeramatzaten elkarlanean, eta Osakidetzaren irizpideen arabera hartu da San Mamesen laurdena bete ahal izateko erabakia. Alexander Ceferin UEFAko presidenteak duela hilabete inguru argi utzi zuen: Eurokopako egoitza izateko ezinbesteko baldintza izango da zaletuek estadioan sartu ahal izatea.

Azaldu dutenez, ordea, Espainiako Futbol Federazioaren asmoa bete eta San Mamesen 13.000 lagun sartzeko hainbat baldintza bete beharko ditu pandemiaren egoerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Besteak beste, herritarren %60k immunizatua egon beharko dute, ospitaleen okupazioak %8tik beherakoa izan beharko du, eta birusaren transmisio mailak oso txikia izan beharko du.

Horretaz gainera, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gutun bat bidali dio Martin Callen UEFAko zuzendariari, «emandako erraztasunak eta asmo onak» eskertzeko.

Larunbatean, mobilizazio nazionala

Eurokopa Bilbon egiteko asmoa geratzeko helburuz, manifestazio nazional batera deitua du Eurokopa honi ez plataformak datorren larunbaterako. Gaur zabaldutako albistea ere gaitzetsi dute; sare sozialetan salatu dutenez, «ezin dugu Euskal Herria gurutzatu, baina San Mamesen 13.000 pertsona sar daitezke». 

Bilbon egingo da manifestazio nagusia. Hego Euskal Herrian mugimenduei lotutako neurri murriztaileak direla eta, ordea, Iruñean eta Gasteizen ere manifestatzera deitu du plataformak. Guztiak 12:00etan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.