Iazko ekitaldia berezia izan zen, 2007ko udazkenean Munduko Kopa jokatu eta gero, lau urteko ziklo berri bat ireki zuelako. Selekzio nagusiek aldaketa ugari egin zituzten haien hamabostekoetan eta ezjakintasuna izan zen gehienbat pronostikoak egiteko tenorean. Trantsiziozko urte hori Galesek sakelaratu zuen. Deabru gorriena ez zen lorpen txikia izan, garaipen kopuruan Ingalaterraren marka berdindu baitzuten -biek 24 torneo irabazi dituzte-. Horrez gain, partida bakar bat ere ez zuten galdu galestarrek, eta Grand Slama erdietsi zuten, titulua erabat borobilduz.
2009ko torneoaren galdera nagusia izanen da ikustea ea Galesek iazkoa berretsiko duen ala ez. Horrela izanez geroz, Europako errugbiaren gidaritza hartuko lukete Warran Gatlanden jokalariek. Baina, bide horretan aurkari indartsuak izanen dituzte.
Frantzia eta Ingalaterra dira aurkari nagusiak. Biek taldea eraberritu dute Munduko Koparen ondotik. Oraindik, emaitza on-onik ez die eman apustuak Martin Johnson eta Marc Lievremont hautatzaileei. Baina, ez da ahantzi behar Frantziakoa eta Ingalaterrakoa direla Europako bi ligarik indartsuenak. Bi liga horietako taldeak sendo dabiltza Europako Kopan, eta bi herriek dituzte jokalari harrobirik handienak.
Azken bi hamarkadetan, Frantziak eta Ingalaterrak agindu dute Europan. Noizean behin, noiz Galesek, noiz Eskoziak, edo besteetan Irlandak, beren burua erakustea lortu dute. Baina, txapelen %90 frantziarren edo ingelesen buruetara joan dira. Aurten, bi selekzio horiek haien txapela berreskuratuko al dute, ala Galesen nagusitasunaren aurrean makurtuko dira? Bost partida ditu bakoitzak galderari erantzuteko.
Sei Nazioen Torneoan ariko diren selekzioak
GalesAurtengo faboritoa
Iazko torneoak europar errugbia beste fase batean sartu zuen, eta fase berri horren garailea Gales izan zen. 2008ko torneoa irabazi zuten galesek, Frantzia, Irlanda eta Ingalaterra faboritoen aurretik.Urte ona izan zen 2008 deabru gorrientzat. Erraterako, Shane Williams galesen hegaleko txiki bezain bizia, munduko jokalaririk onena izendatu zuten. Galesek bizkarrezurra osatzen duten jokalari beteranoak atxiki ditu (Wylliams, Sh. Williams, Ryan Jones, Shanklin...) eta gazte belaunaldi berri bat dauka ate joka, haien buru Hook eta Halfpenny direla.
Pase anitzeko jokoaren alde egin du Warren Gatland hautatzaileak. Udazkenean, Zeelanda Berriaren aurka galdu arren, Galesek eman zuen itxurarik onena beste selekzioekin alderatuz. Baina Europan agindu ohi duten Ingalaterra eta Frantzia trantsizio urte batetik atera berritan gora egiten ari dira, eta, agian, haien suspertzea izan daiteke Galesen arriskurik handiena.
Frantzia
Esperimenturik ez
Iazkoa berrikuntzaren urtea izan zen Frantzian. Bernard Laporte hautatzailearen ordez, Lievremont, N'Tamack eta Retiere hirukoak hartu zuen ardura. Hirurek, joko proiektu berri bat ekarri zuten, eta iazko torneoa baliatu zuten hainbat esperimentu egiteko. Haien sistemara egokituko ziren jokalarien bila aritu ziren, eta aurpegi berri anitz ikusi ahal izan ziren. Apustuak ez zuen berehalako fruiturik ekarri, hirugarren postuan bukatu baitzuten txapelketa.Baina, orain, esperimentuak bukatu direla dirudi. Udazkeneko test-partidetan, taldea anitz estutu zuten hautatzaileek, eta selekzioa udazkeneko multzoaren jarraipena da. Ondorioz, talde handietako, eta batez ere Tolosako, jokalari anitz daude. Halere, erasora eta gibeleko jokora itzulitako jokoa ez dute zalantzan ezarri hautatzaileek. Iduri du haien jokoa egiteko jokalariak atzeman dituztela. Baina, kezka handiena zango jokoa da, tantogile bakarra baitago taldean, Beauxis 22 urteko gaztea.
Irlanda
Berrikuntzak pixkanaka
Hainbat urtez Irlandako selekzioaren pisua bizkar gainean eraman duen belaunaldia, pixkanaka, hirustaren hamabostekotik desagertzen ari da. Declan Kindley, irlandarren hautatzaile berriak, Eddie O'Sullivanen lekua hartu du, eta bere hautuak egiten ari da, poliki baina segurki.Aldaketarik handiena gibeleko lerroetan nabari da. 9tik hasita eta 15eraino, hainbat izen ezagun selekziotik kanpo edo ordezkoekin utzi ditu Kindleyek. Horrela gertatu da Stringer, Dempsey, Horgan edo Murphyrentzat. Haien ordez, izen berriak ikusten ahalko dira. Gazteak (Hearney, Bowe, O'Leary...) edo orain arte O'Gararen ordezkoa zen Paddy Wallace.Aldaketa batzuk izanagatik, liderrak hor daude oraindik: O'Connell, O'Gara, O'Driscoll, Hayes... Horri jokalari batzuk txertatzen ari zaizkie, eta pisu handiago hartzen; erraterako, David Wallace hirugarren lerroa, Duncha O'Callaghan bigarren lerroa eta Jerry Flannery aztalkaria.
Ingalaterra
Martin Johnsonen lehena
Iazko torneoaren ondoren, aldaketa etorri zen Ingalaterran. Brian Ashtonek, Munduko kopako finalera iritsi arren, bere postua ezin izan zuen atxiki, eta, haren ordez, Martin Johnson ari da 1990eko eta 2000ko hamarkadetako selekzioaren jokalari historikoa izandakoa. Johnsonek bere estiloa ezarri nahi izan du. Ashtonek hasitako bideari jarraitu dio; gazteak sartu, eta joko irekiago baten alde egin.Horrela, Armitage anaiak, Paul Sackey, Dannie Care, Haskell... taldean agertu dira. Beste batzuk, Harry Ellis, Dannie Cipriani edo Shane Geraghty, errate batera, talentuzko jokalariak dira, oraindik Johnsonen konfiantza irabazterik izan ez badute ere. Aitzinean, sendotasuna eta esperientzia. Hor dira Mears, Vickery, Borthwick eta Easter. Johnsonek kezkarik handiena irekitzaile postuan du. Cipriani pattal aritu zen udazkenean, eta Flood eta Wilkinson min hartuta daude. 28 urteko Andy Goodek jantziko du, beraz, 10 zenbakia.
Eskozia
Galdera ikurra
Zer erakutsiko du aurten Eskoziak? Ausko, zalantzak dira nagusi. Azken bi urteetan, burua zerbait altxatu dute jokalari eskoziarrek, eta orain bi urte hiru partida irabazi zituzten Sei Nazioen Torneoan, aspaldiko partez. Udazkenean, Zeelanda Berriak britaniar eta zeltiar uharteetan egindako biran (Ingalaterran, Galesen, Eskozian eta Irlandan) galdu zuten, baina beste selekzioek baino itxura txarragorik ez zuten eman, denak erori baitziren all blacks-en aurka.Azken urteetako jokalari beren inguruan eraiki du selekzioa Frank Haddenek: Nathan Hines, Simon Taylor, Chris Paterson, Chris Cusiter, Jason White... Haien ondoan, Dan Parks edo Dougie Hall garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Horrez gain, bost jokalari deitu ditu torneo honetarako Haddenek: Dickinson, Max eta Tom Evans, Gray eta Hamilton. Azken hori zaindu beharreko jokalaria izanen da. Zeresana eman dezake.
Italia
Malleten buruko minak
Iaz ziklo berri batean sartu zen Italia, Pierre Berbizieren ordez Nick Mallet hegoafrikarrak selekzioaren burua hartu eta gero. Malletek hainbat aldaketa egin nahi izan ditu, baina azken urteetako arazo handiarekin aurkitu da: Jokoaren gidaritza eramaten duten 9 eta 10 postuetan nazioarteko maila duten jokalaria falta du. Diego Dominguez eta Alessandro Troncon joan zirenetik, huts hori ezin betez dabil Italia.Irekitzaileari dagokionez, iaz usaian erdikoa den Masi jokarazi ondoren, badirudi Pratichettirekin konforme dagoela Mallet. Kezka handiena uztartze ireki postuan dago. Paul Griffenekin ez dago konforme Mallet, eta selekziotik at utzi du. Haren ordez, hautu harrigarria egin du. Izan ere, usaian hirugarren lerroan ari den Mauro Bergamasco ariko da 9a bizkar gainean. 1,85 metro eta 98 kiloko jokalari bat uztartze ireki gisa aritzea ez da ohikoa, eta apustu handia da. Ikusteko dago zer-nola ariko den.