Dobroe Pozhalovat CSKA Mosku. Alegia, ongi etorri Bilbora, CSKA Mosku. Euroligako Top16rako espero zen talde handia hilabete eta erdi geroago etorriko da Bilbora, Gescrap Bizkaiak Top16an egindako lan bikainari esker. Urtarril hasierako desilusioak martxo bukaerako ilusio handira eraman du Bizkaiko saskibaloia, eta merezita. Europako talde onena etorriko da Euskal Herrira, Bilbora, gutxienez partida bat jokatzera, eta hori beti da ona, batez ere zaleentzat. CSKAk ia ezinezko egingo du Bizkaiak Lauko Finala jokatzea, baina sasoi hasieran ere ezinezkoa zen Top16a jokatzea, final-laurdenetarako sailkatzea, eta jokatu egingo ditu.
Euroligak atzo jakinarazi zituen kanporaketako egunak, eta zaleei begira, komeni horiek plazaratzea. Bost partidetako lehena, hilaren 21ean jokatuko da, Moskun, asteazkenez (17:15). Bigarrena ere Errusiako hiriburuan jokatuko da, bi egun geroago: hilaren 23an (17:15). Bilboko partidak ere asteko egun berberetan izan daitezke: hilaren 28an (19:00) eta 30ean (20:30). Izan daitezke, laugarrena ez delako ziurra. Moskuko CSKAk lehen hirurak irabazten baditu, ez da laugarrenik jokatuko. Bosgarrena, jokatuko balitz, apirileko lehen asterako geratuko litzateke.
Gaurko galdera ezkor samarra da: zenbat partida behartuko ditu Bizkaiak? Iritziak molde guztietakoak dira. Bilboko bigarrena jokatuko balitz, konforme lirateke batzuk. Kanporaketa hain desorekatua ikusten ez dutenak ere badaude, eta, jakina, bizkaitarrak errusiarrak kaleratzeko gai direla dioenik ere bada. Horien argudio nagusia orain arte talde handi askoren borrero izan dela da: Caja Laboral Baskonia, Real Madril, Montepaschi Siena...
CSKA, ordea, ez da talde handi soila. Europako talde onena da, eta, jartzekotan, talde bakar batek jar dezake auzitan egoera hori: Bartzelonak. Begiratzen zaion alderditik begiratuta, menderaezina dirudi CSKAk. Euroligako lehen bi faseetako emaitzak harrigarriak dira. Errusiako armadako taldeak hamasei partida jokatu ditu, eta hamabost irabazi. Bakarra galdu du, Top16an, Galatasarayren aurka, Istanbulen, eta azken unean: 68-64.
Datu esanguratsu bat: lehen ligaxka 10-0eko balantzearekin bukatu zuen, eta, batez beste, hamabost punturen aldearekin irabazi zituen partidak. Top16an handiagoa da zailtasuna, baina gorri kolorekoek egurrean jarraitu zuten. 5-1eko balantzea lortu zuten, baina garaipenetan hogei punturen aldea lortu batez beste. Edonor harritzeko moduko datuak.
Zer esan haien jokalari zerrendari buruz? Aurrekontua 35-40 milioi euro ingurukoa da. Ez dago langile izaera duen jokalari askorik, lau baino ez: Eugeni Voronov, Dimitri Sokolov, Anton Ponkraxov eta Nikita Kurbanov. Beste guztiak izar distiratsuak dira, errublo zakua poltsikoratzen dutenak, helburu bakarraren truke: CSKA Europako saskibaloiko Olinpora bueltatzea. Andrei Kirilenkok bederatzi milioi irabazten zituen Utah Jazzen joan den sasoian. Nenad Krsticek ere antzera Oklahoman. Milos Teodosic Europako joko antolatzaile onena da, eta Ramunas Siskauskasek urteak daramatza Moskun. Errusiako ikur dira Viktor Khriapa, Xaxa Kaun, Alexei Xved eta Andrei Vorontsevitx. Azken hirurek etorkizun aparta dute, eta dirutza ordaindu diete CSKAn gera daitezen. Darjus Lavrinovic, Sammy Mejia eta Jamont Gordon ere ez dira merkeak izango.
Europan ari den NBAko talde puska dela esan da CSKA Moskuri buruz, eta ez zaie arrazoirik falta hori esaten dutenei. Haien parean, jaio besterik egin ez den talde apala egongo da: Gescrap Bizkaia, hain zuzen ere. Posible al da miraria lortzea? Jakina, baina mirariak lortzeko modua eduki behar da, eta Fotis Katsikarisek zuzentzen duenak badu. Alex Mumbruren esana, fedea irabazteko: «Zaila da, baina lehiatzeko prest gaude. Ez gara hasi aurretik belaunikatuko».
Europa txiki geratzen zaio
Gescrapek garaiezina dirudien taldearen aurka saiatuko da sartzen Lauko Finalean; CSKA Moskuk partida bakarra galdu du EuroliganCSKAk, batez beste, hogei punturen aldea lortu du Top16ko bost garaipenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu