EUROPAKO ERREKOPAKO FINALERDIETAKO JOANEKO PARTIDA. Finalean egon nahi du

San Antoniok Europako Errekopako finalerdietako joaneko partida jokatuko du gaur Gummersbachen kontra, emaitza ona lortu, eta kanporaketa etxean erabakitzeko asmoz

edurne elizondo
Iruñea
2010eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Sasoi zaila izaten ari da hau San Antoniorentzat. Pistan, eta pistatik at. Pistan, anitz sumatu du taldearen oinarri izandako hainbat jokalariren irteera. Behera egin du. Eta Txapeldunen Liga irabazi duen talde batentzat zaila da onartzea Ligan bosgarren postua lortzeko lehia dela zurea. Pistatik at, Portland babesle nagusiaren aurrekontuaren murrizteak arazo anitz ekarri dizkie zuzendaritzako kideei. Duela hainbat aste jendaurrean agertu ziren jokalariak eta entrenatzailea taldeak dirua zor ziela ezagutarazteko. Egoera horretan, denboraldi hasieran baino askoz ere garrantzitsuagoa da orain San Antonioko kide guztientzat Europako Errekopa. Helburu nagusi zena, are nagusiago bilakatu da. Finalerdietako joaneko partida jokatuko dute nafarrek, gaur, Alemanian, Gummersbachen kontra.

Finalerdietara arteko bidean zorte handia izan du San Antoniok. Egin duten lanari meriturik kendu gabe, maila apalagoko taldeak egokitu zaizkiei iruindarrei. Bertzelakoa da egoera orain, ordea. Finalerdietako zozketan, aukeran ziren hiru taldeen artean gutxien nahi zutena egokitu zitzaien San Antonioko kideei: Alemaniako Gummersbach. Steaua Bukarestek eta Granollersek jokatuko dute bertze finalerdia.

Talde indartsua da Gummersbach, ibilbide eta esperientzia luzekoa. Hamaika txapela ditu bere apaletan. Azken urteotan behera egin du, funtsezko ziren hainbat jokalarik alde egin eta gero, baina, hala eta guztiz ere, lehen mailako aurkaria da nafarrentzat. Aukeran zirenen artean, sendoena.

Nafarrak, sasoiko

San Antonioko entrenatzaile Chechu Villaldeak ederki daki hori. Eta halaxe azpimarratu dio BERRIAri: «Gummersbach hagitz talde ona da; ezin da arlo bat edo bertzea nabarmendu, dena baitu ona: defentsa bikaina, eta eraso hagitz ona».

Argi du hori Villaldeak, eta, argi du, halaber, halako talde bati aurre egiteko, Alemaniatik txapelketan aurrera jarraitzeko aukerekin itzultzeko, partida biribila egin beharko duela Iruñeko taldeak gaur. «Bikain jokatu beharko dugu Alemanian, eta, bikain, halaber, itzuliko partidan. Gummersbachen gisako aurkari bat mendean hartzeko dena egin behar dugu ongi, bertzela ez dago modurik».

Taldea sasoiko ikusten du entrenatzaileak. Lehen itzulian baino askoz ere hobe. Arrateren kontrako garaipenak, gainera, Alemaniara konfiantzarekin joateko bidea eman die. Nahiz eta jakin Gummersbach ez dela Arrate. «Ongi gaude, eta jokalariak kanporaketa jokatzeko gogoz. Hainbat jokalari ditugu min hartuta, Liga eromena baita, hemendik harat gabiltza egun osoan, baina, hala ere, igandea ailegatzeko irrikan gaude denok. Motibaziorik ez zaigu falta», erran du Villaldeak.

Nikolic etxean gelditu da

San Antonioko jokalariak atzo ailegatu ziren Alemaniara.Belaustegi, Crowley, Urdiales eta Nikolic Iruñean gelditu dira. Giharretako arazoak izan ditu Nikolicek aste osoan, eta entrenatzaileak, medikuaren aholkuei jarraituz, nahiago izan du jokalaria Iruñean utzi. Guardiola, berriz, kanporaketan parte hartzeko garaiz osatu da, eta Alemanian da bertze taldekideekin batera.

Alemanian Gummersbacheko jokalariak ez dira nafarren aurkari bakarrak izanen. Ordutegia ere kontra izanen dute. Arratsaldeko hiruretan jokatuko da partida, eta, ondorioz, 11:00etan hartuko dute bazkaria San Antonioko jokalariek. «Ez gaude ordutegi honetara ohituta, baina espero dut arazorik ez izatea», erran du Villaldeak.

Kanporaketako lehen partidaren atarian, Alemanian emaitza ona lortzea da iruindarren helburu nagusia. Aurkariaren etxetik bizirik ateratzea. Itzulikoa Iruñean jokatuko baitu San Antoniok. Hau da, etxean erabakitzeko aukera izanen dute nafarrek. «Horretarako, hala ere, emaitza ona lortu beharko dugu Alemanian; bertzela, bigarren partida etxean jokatzea ez da inongo abantaila izanen».

Joanekoa Iruñean jokatzea ez da garrantzitsua izanen, halaber, zaleek pabiloia betetzen ez badute. Horixe dio Villaldeak. «Argi dago sasoi honetako egoerak denoi eragin digula, zaleei ere bai». Izan ere, harmailetan aurreko denboraldietan baino askoz ere jende gutxiagok egiten du bat San Antonioren partidetan. Lehen mailako aurkariak etortzen direnean ere ez da betetzen. Gummersbachen kontrako itzuliko partidan gauzak aldatzea espero du entrenatzaileak. «Gustatuko litzaiguke zaleen babesa izatea». Gonbite zuzena egin die Villaldeak, beraz, zaleei, maiatzaren 1erako. Baina partida hori baino lehen jokatu behar da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.