Entrenamendu saioetara itzuli da Reala, igandean porrot gogorra jaso ondoren. Bartzelonaren aurka 5-1 galtzea ez da albiste ona, baina garrantzia kendu nahi izan zioten Asier Illarramendik eta Iñigo Martinezek, lan saioaren osteko prentsaurrekoan. Bazekiten «oso zaila» izango zela Camp Noun punturen bat lortzea, eta aurrera begiratu nahi dute. Celtaren aurkako partida du Realak larunbatean, eta han «erakutsi» beharko du taldeak duen maila.
Denboraldi-aurrean taldearen inguruan sortu zen ilusioa zapuztu dezake hasiera kaskarrak. Hala ere, sasoi honetan «gauza onak» egin ditzaketela uste du Illarramendik. «Baina helburua ez da Europako Ligarako sailkatzea». Talde asko daude «lehia horretan», eta Realak «pixkanaka» joan behar du, zertarako gai den ikusteko. «Presio handia» egiten ari zaiela uste du gipuzkoarrak.
Bartzelonaren aurkako porrotari alde ona bilatu nahi izan zion: «Behintzat, ez gara Camp Noura itzuliko sasoi honetan». Zaila da han jokatzea, eta larri ibili ziren txuri-urdinak. Partidaren zati handiena «baloiaren atzetik korrika» pasatu zuten, eta jokatzeko aukera txikia izan zuten. Hala ere, «jokaldi on batzuk» egin zituztela uste du erdilariak: «Nahiko ondo moldatu ginen baloiarekin».
Partida ahaztu eta aurrera begiratu beharko du Realak. Larunbatean jokatuko dute Espainiako Ligako bigarren partida, Celtaren aurka. Bi taldeak elkarren aurka aritu ziren azkeneko partidan, Lehen Mailara igotzea lortu zuten txuri-urdinek. Orduan 2-0 gailendu zen Reala, baina egoera ezberdina izango da. Lehen Mailan egingo dute topo orain, Celtak aurreko sasoian igoera lortu ondoren. Indarberrituta iritsiko da Vigoko taldea Donostiara.
«Gogo handiz etorriko dira, etxean galdu ondoren», dio Illarramendik. Malagaren aurka 0-1 galdu zuen, baina «ondo» aritu zen Celta. Anoetan, beraz, «punturen bat lortu» nahiko du. Dena den, Realak «garaipena lortzea» espero du gipuzkoarrak, etxean ariko baita. Garaipena lortzeko, «zaleen animoak» beharko dituztela adierazi zuen erdilariak: «Aurreko denboraldian txistu batzuk entzun ziren Anoetan». Horregatik, sasoi honetan «hasieratik amaierara» animatzea espero du.
Ligako estreinako partidan hasieratik jokatu zuen Illarramendik: «Beti da ona hamaikakoan egotea». Hala ere, lasaitzeko aukerarik ez daukala uste du. Izan ere, Philippe Montanier entrenatzaileak aldaketa asko egiten ditu, eta hurrengo partidan «aulkian edo harmailetan» eserita egon daiteke. Horregatik, gogor jarraitu beharko du lanean.
Iñigo Martinezek, berriz, lesiotik osatzeko egin beharko du lan. Bizkaitarra min hartuta iritsi zen Londresko Olinpiar Jokoetatik, eta hala dago oraindik ere. Ez zen izan Bartzelonaren aurka jokatzeko moduan, eta Celtaren aurka estreinatzea espero du. Hala ere, «guztiz osatzea» da harentzat garrantzitsuena: «Larunbaterako prest banago, ondo; bestela, hurrengoan beharko du izan». Lesioak espero baino buruhauste gehiago ekarri dizkiola aitortu zuen: «Asko kostatzen ari zait osatzea».
Bartzelonaren aurkako partidan, 5-1 galdu arren, taldea «saiatu» egin zela azaldu zuen Martinezek. Haren ustez, «normala» da Ligako lehen partidan hutsak egitea. Bartzelona «maila handiko» taldea da, eta «ez da erraza» haren aurka jokatzea. Gainera, hiru gol «hain goiz» jasotzeak «min» egin zion taldeari, atzelariaren ustez. Orain, baina, «aurrera begiratu» behar dutela uste du.
Celtaren aurkako partida «egokia» da txuri-urdinentzat, «talde ona» dutela erakusteko. Camp Noun hainbeste gol jasota ere, ez daudela «kezkatuta» azaldu du Iñigo Martinezek: «Badakigu zer egin behar dugun, partida irabazteko asmoz zelairatu». Gainera, Anoetan jokatuko dute, eta etxean jokatzeak «indar handiagoa» ematen die txuri-urdinei.
Postu baten bila
Bigarren urtea du atzelariak Realaren lehen taldean, eta argi dauka ez dela erraza izango: «Lehen urtea baino zailagoa izan ohi dela diote». Guztiz osatzen denean ere, hamaikakoan postu bat lortzeko gogor egin beharko du lan: «Dena emango dut partidak jokatzen saiatzeko». Izan ere, taldekideak ere ahal duten hobekien aritzen saiatzen dira, postu bat lortu eta jokatzen jarraitzeko. «Baina ni ez naiz atzean geratuko», azaldu zuen Iñigo Martinezek.
Bere etorkizunak, oraintxe, ez du batere kezkatzen. 2015era arte du kontratua Realarekin, eta ez du horretan pentsatzen. «Oso lasai nago nire etorkizunaren inguruan». Orain, lesioak kezkatzendu. Atzo, taldekideekin entrenatu zen lan saioaren lehen zatian, baina oraindik ez dago osatuta. Nahi baino geroago estreinatuko da denboraldi berrian, eta gehiago atzeratu daiteke bere lehen partidan, guztiz osatzen ez bada.
«Europako Liga ez da helburua»
Realeko jokalariei «presio handia» egiten ari zaiela uste du Asier Illarramendik, eta dio «pixkanaka» joatea komeni zaielaIñigo Martinez prest egon daiteke Celtaren aurka aritzeko, baina «guztiz osatu» nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu