ERRUGBIA. GIZONEZKOEN SEI NAZIOETAKO TORNEOA

Europako onena zein den erabakiko da

Jardunaldi erabakigarria jokatuko dute, azkena, Frantziak eta Ingalaterrak, Parisen, eta Irlanda zain egongo da, oso aukera urriak baditu ere

DONOSTIA
2004ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Heldu da aurtengo Sei Nazioetako Torneoa erabakitzeko unea, maila guztietako azken jardunaldia jokatuko baita. Gizonezkoen maila nagusian, Parisko partidak erabakiko du, Frantziaren eta Eskoziaren artekoak. Halere, hiru taldek dute aukera torneoa irabazteko: Frantziak, Ingalaterrak eta Irlandak, Frantziak duela dena aldeko.

Hiru taldeek puntuetara berdindu egingo balute, eta baita alde eta kontrako puntuen aldean ere, talde bakoitzak torneoan eginiko entsegu kopuruak erabakiko du. Ingalaterrak 15 entsegu egin ditu, eta Frantziak eta Irlandak, 12. Berdinketak jarraituko balu, berdinduta leudekeen taldeek irabaziko lukete.Elkarren arteko azken partidan Ingalaterra gailendu zen, Munduko Kopako finalerdian. Beraz, pentsa liteke Frantziak ordainekoa emateko irrika duela, baina ez dio hori Laporte Frantziako entrenatzaileak: «Errebantxako partida bat aste batera joka daiteke, ez bost hilabetera; itzuliko partida bat da.Dena dela, irabaztea zoragarria izango litzatekeela aitortu du: «Europako txapeldunak izateko xedea dugu, eta hori munduko txapeldunaren kontra lortzea handia litzateke. Guk irabazi arren, ez gara munduko onenak izango, ingelesak baitira. Beren jokoa egiten badute, onenak dira; hori lortzen ez badute, orduan irabaz dezakegu».

Ingalaterrak hiru partidairabazi ditu, eta Frantziak, bi

Elkarren arteko azken bost partidetan, Ingalaterrak hirutan irabazi du: 24-7 Munduko Kopan, 45-14 lagunartekoan eta 25-17, torneoan. Frantziak bitan irabazi du: 17-16 lagunartekoan eta 20-15 torneoan (2002-03-02). Ingalaterrak Munduko Kopa irabazi zuen, Australia menderatuta (17-20) luzapenean.

Clive Woodward Ingalaterrako entrenatzaileak esan du oraindik ez dutela jokorik onena egin: «Galesen kontrako azken 20 minutuetan gure jokoa berreskuratu genuen, indartsu aitzina eginda. Egia da oraindik ez dugula jokorik onena egin eta ez gaudela unerik gozoenean, baina irabazi egin genuen; hori ere garrantzitsua da. Irabaztera joan gara Parisera. Ziur naiz talde indartsuenen aurka Ingalaterrak neurria eman dezakeela».

Bestetik, aitortu du entrenatzen «huts» egin dutela eta Mundiala irabazi ondoko festa-ospakizunek eragina ukan dutela; ez zeudela «ohituta». Gainera, finala irabazi zuen hamabostekoarekin alderatuta, lau jokalari garrantzitsu falta ditu. Frantziari buruz ere mintzo da: «Talde ahalmentsua da eta ona; onek soilik irabaz dezakete Grand Slama».

Hamabostekoei dagokienez, Hariñordoki berriro ariko da, Miarritzeko Lievremonten ordez. Beraz, frantziarrak ohiko 3. lerroarekin ariko dira. Bestalde, Miarritzeko Betsenentzat berezia izango da lehia, Munduko Kopako partidan egotzi egin zutelako eta Ingalaterrak hori baliatu zuelako. Horrez gain, berak egin zuen frantziarren entsegua. Ingalaterran, Barkley (22 urte) izango da joko zabaltzailea. Galesen aurka partida ona egin zuen, baina zaila izango da Wilkinsonen marka ontzea, Mundialeko partidako 24 puntuak berak egin baitzituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.