REALA

Europako postuetan sendo segitzeko ezin du hutsik egin Realak

Zigorrak direla medio, txuri-urdinak Iñigo Martinez eta Griezmann gabe ariko dira Espanyolen aurka.

'Chory' Castro, Rayorekin jokatutako partidan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
jon eskudero
2014ko apirilaren 19a
00:33
Entzun

Ezin du gehiago huts egin. Azken jardunaldietan beherakada nabarmena izan ondoren, Reala irabaztera behartuta dago bihar Espanyolen aurka, Anoetan. Bai, behintzat, Europako postuetan sendo jarraitu nahi badu. Jagoba Arrasateren esanetan, partidak berebiziko garrantzia izango du. «Europarako sailkatzeko helburua bideratuta daukagu, baina ez errematatuta, eta ezin dugu barkatu Espanyolen aurka». Egiari zor, Europarako sailkatzea oso gertu dute txuri-urdinek, zazpi puntura baitute Valentzia zortzigarren sailkatua, baina hobe dute ez fidatu eta bihar irabazi. «Garaia badugu garaipena lortzeko». Arrasatek bi hutsune garrantzitsu izango ditu, txartel pilaketak direla medio, Iñigok eta Griezmannek ez baitute jokatuko.

Hutsuneak hutsune, hala ere, hiru puntuak lortu eta sasoi bolada onera itzultzeko aukera aproposa du Realak. Izan ere, etxean jokatuko du, Arrasatek lan hitzarmena luzatu berritan, eta Espanyolek ere aparteko indarrik gabe joka dezake. Besteak beste, ziurtaturik baitauka mailari eustea. «Hori hala izan arren, aurkari deserosoa da Espanyol, eta gure onena eman beharko dugu mendean hartu ahal izateko». Realeko entrenatzailearen arabera, erne jokatu beharko dute aurkariari kontraerasoan ateratzeko aukerarik ez emateko. «Baloia ongi mugitzea eta defentsan zulorik ez uztea izango dira gakoak».

Aurkariak baino gehiago, bere taldeak arduratzen du Arrasate. Azken partidetan ongi jokatu izan dute txuri-urdinek, baina jokaldi txarrak larrutik ordaindu dituzte, eta hori errotik moztu beharko dutela argi du. «Kontrarioa baino gehiago izatea eta aurrea hartzea askotan lortu dugu. Ez, ordea, partidak errematatzea. Hori lortu behar dugu Espanyolen aurka». Badaki Reala horretarako gai dela. «Sinetsita gaude partida irabaziko dugula».

Ansotegi eta Castroren alde

Hasierako hamaikakoan bi hutsune garrantzitsu edukiagatik, «luxuzko ordezkoek» beteko dute Iñigok eta Griezmannek utzitako lekua: Ansotegik eta Chory Castrok, hain zuzen ere. «Ziur nago ongi jokatuko dutela, horretarako prest baitaude». Gainerakoan, aldaketa gutxi izango da etxekoen hamaikakoan. Zalduak eta Jose Angelek jarraituko dute bi hegaletan, eta zelai erdian Markel, Zurutuzak eta Canalesek joka dezakete. Castrorekin batera, Vela eta Agirretxe izango dira gola sartzeko arduradunak.

Dudarik gabe,partida berezia izango da Arrasaterentzat, asteon luzatu baitu entrenatzaile kontratua beste bi urterako Realarekin. Taldearen erabaki hori ez da zale askoren gustukoa izan, eta ikusi egin beharko da gaur nolako harrera duen bizkaitarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.