Europan ere, euskal derbia

Zozketak Baskonia eta Bilbo Basket parekatu ditu; Olympiacos, Fenerbahce, Nancy eta Cantu multzokide

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gerta zitekeen, eta gertatu egin da. Espainiako Kopako zozketetan bezala, Euroligako bonboak ere bi euskal taldeen patua elkartu nahi izan du, eta A multzoan lehiatuko dira biak. Ligan eta Kopan elkarren aurka joka ditzaketen partidez gain, ziurra da Euroligan ere gutxienez beste bi derbi ikusiko ditugula. Ligatxoa joan-etorriko sistemarekin jokatzen da, eta Baskoniak bosgarren jardunaldian hartuko du Bilbo Basket Gasteizen, azaroaren 16an edo 17an. Bueltakoa Gabonen atarian izanen da, Miribillan, abenduaren 21an edo 22an, ligatxoko azken jardunaldian.

Batzuei ilusioa egingo die zozketaren emaitzak, besteei ez hainbeste. Bilbo Basketeko zaleen begietan, erakargarriagoa litzateke Baskonia ez den aurkaria, Gasteizeko taldea Ligan ikusteko aukera dutelako. Europako beste talde handi bat ikusteko aukerak ihes egin du, Euroliga jokatuko duten lehen sasoian, baina arabarrak aurkari gaizto ere badira iparraldeko bizilagunentzat, eta azken jardunaldiko dema aski interesgarria izango da Bilbon. Zer esanik ez jokoan talde baten edo bestearen txartela baldin badago.

Top 16a baitute bi euskal taldeek begiz jota. Gutxieneko lorpena da gasteiztarrentzat, lorpen potoloagoekin ohituta, eta gainditzen saiatu beharreko langa gogorra bizkaitarrentzat, eskarmenturik ez duten neurrian. A multzoaren gaineko errepasoak Top 16a Baskoniaren eskura dagoela erakusten du, eta Bilbo Basketentzat ere ez dela ezinezko ikusten. Atenasko Olympiacos, Istanbulgo Fenerbahce, Italiako Cantu eta Frantziako Nancy izanen dira euskal bi taldeen multzokideak.

Olympiacos zerrendaburu zen zozketan, eta itxuraz, greziarrak dira multzo buru izateko faboritoak. Kontua da Greziako krisi ekonomiko latza kirol profesionalera ere hedatu dela, eta Angelopoulos anaiek, jabeek, taldea saldu nahi dutela galera ekonomiko latzak eduki ostean. Horrek, jakina, eragin handia izan dezake taldearen osaketan, eta litekeena da talde txapeldun bat eraikitzeko aukerarik ez izatea. Oraingoz Milos Teodosic galdu dute (CSKAk fitxatu du), eta beste izar batzuk ere taldea utz dezakete sosak ziurtatzen ez badizkiete. Oraingoz, Vassilis Spanoulis taldean geratuko dela dirudi.

Gaur-gaurkoz, Fenerbahce da multzoko aurkari sendoena. Efes Pilsenek egin bezala, Turkian dirua dago soberan orain, eta Lauko Finala Istanbulen jokatuko dela aintzat hartuz, inbertsio mamitsuak egiten ari dira herrialde hartan. Taldean jarraituko dute Ukic, Marko Tomas, Predzlic, Vidmar edo Kinseyk, eta dagoeneko hiru fitxaketa on baieztatu dituzte: Jerrells, Bogdanovic eta James Gist.

Beste bi taldeak Baskonia eta Bilbo Baske baino apalagoak dira arlo guztietan: sosez, talentuz, baliabidez... Nancy, dena den, Frantziako ligako talde onenetakoa da, eta etxean talde arriskutsua izan ohi da. Ez dauka lehen mailako jokalaririk, baina NBAko greba indarrean mantentzen bada, litekeena da Portland Trail Blazerseko Nicolas Batum hegaleko bikainak Nancyrekin jokatzea. Cantu ere Italiako txapeldunordea da. Micov eta Markoixvili dira jokalari ezagunenak, baina Nancyrekin batera, Top 16tik kanpo geratzeko hautagaietako bat da.

Multzoen osaketarekin batera, datak ere zehaztu ziren. Urriaren 17an, astelehenez hasiko da Euroliga, Panathinaikos eta Unicajaren arteko irekiera partidarekin. Urriaren 19-20an osatuko da lehen jardunaldia, eta abenduaren 21-22an bukatu. 2012ko urtarrilean etorriko da Top 16a, martxoan azken-laurdenak eta maiatza hasieran Lauko Finala Istanbulen (Turkia).

Lampe fitxatu du Baskoniak

Baskoniak Maciej Lampe fitxatu zuen atzo, bi urterako. Lampe poloniarra da, 26 urte ditu, eta pibot postuan jokatzen du. 210 zentimetro da luzean Lampe, baina gorputz sendo horri lauzpabost metrotik jaurtiketak egiteko daukan gaitasuna gehitu behar zaio. Ohi bezala, inork espero gabe jakinarazi zuen fitxaketa Baskoniak, berriro taldeko bulegoetan esan eta egiten dena foku guztietatik salbu geratzen dela frogatuz. Lampek zenbaki bikainak lortu ditu bukatu berri den sasoian Errusiako Unics Kazan taldearekin: 15,9 puntu eta 8,6 errebote partidako. Barac ordezkatzeko jokalari egokia da. Esteban Batista izan liteke taldetik irteten hurrena, Alemaniako ligarantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.