Final zaporeko partida jokatuko du bihar Miarritzek. Heineken kopako final-laurdenak izan arren, iragan sasoiko finalaren errepikapena izanen da Anoetan. Lapurtarren aurkaria, joan zen maiatzean Parisko finala gertatu zen bezala, Okzitaniako Tolosa izanen da. Biharkoak final zaporea izanen du, berriz ere. Eta ez bakarrik joan zen maiatzeko Heineken kopako finaleko zauria ixteke dagoelako.
Tolosa finaletara iristera ohituta dago. Errugbian talde handi bat bereizi behar balitz, Garona bazterreko taldea aipatzea derrigorra izanen litzateke. Okzitaniakoen lorpen zerrenda harrigarria da. Heineken kopan haiek dira nagusi, lehiaketa lau aldiz irabazita. Beste bitan, txapeldunorde izan dira. Hamasei aldiz jokatu dute txapelketa, eta seitan, finalean egon da. Irlandako Munster eta Ingalaterrako Leicester, beste bi erreferentzia nagusiak, txiki gelditzen dira alboan bina kopa eta final irabazita.
Zenbaki horiekin, errespetua ederki irabazita dauka Tolosak. Garaipenaren kultura du, eta bere denboraldia une erabakigarrietan bere onena emateko programatzen du. «Badakigu Tolosa egun handietara beti ederki prestatuta iristen dela», aipatu du aste honetan Imanol Hariñordoki Miarritzeko kapitainak. «Partida handiak jokatzeko ohitura du. Horretarako prestatzen da, eta horiek irabaztea da urtero haren helburua», zehaztu du Damien Traille erdikoak.
Apiriletik aitzina Tolosak beste bisai bat erakusten du usu. Udaberrian jokatzen dira partida garrantzitsuak, eta garai horretara sasoirik onenean iristen da. Aste honetan, urtero egiten duen bezala, bere entrenamendu gunea utzi eta Landetako Capbretonera joan da taldea, egonaldi berezi bat egitera. Urtero-urtero, apiril hastapenean egonaldi bat egiten du Tolosak, azken xehetasun teknikoak lantzeko.
Tolosaren eskola
Tolosari buruz hitz egitean ezinbestekoa da bere garaipen zerrenda aipatzea, baina taldea ezin da palmares baten lerroetan gelditu. Okzitaniakoek emaitzaren kultura daukate, baina errugbiaren filosofia berezi bat ere bai. Futbolean Bartzelonak duen ereduaren irudiko, Tolosan ume eta gaztetxoen taldeek eta profesionalek joko irizpide berdintsuak jarraitzen dituzte. Betidanik, Garona bazterreko taldeak «errugbi totala» deitzen den estiloaren alde egin du. Joko mota horretan aitzinekoen eta gibelekoen arteko bereizketa ezabatzen da. Jokalari guztiek gai izan behar dute zelaiaren edozein lekutan egoerak galdetzen duen jokaldia egiteko. Gibelekoek uztartze irekian garbiketa egiteko gai izan behar dute, eta aitzinekoek ere lerroan baloia jokatzeko eta biziarazteko trebezia izan behar dute.
Tolosakoak dira mugimendu orokorra deituriko joko estiloaren apologeta handiak: Pierre Villepreux, Jean Claude Skrela etaGuy Noves bera. Tolosan eskuzko jokoa hobesten da, eta erasora jotzen duen jokalariak ahalik eta sostengu gehiena izatea da helburua. Horrela, baloia duenak hainbat aukera izaten ditu: berak bakarrik jarraitu, lerro berean dauden jokalariekin jokatu, eskuinean edo ezkerraldean dagoen jokalariari pasea egin, atzerago dauden jokalariekin jokatu...
Britainiar taldeekin alderatutaarrunt filosofia desberdina da hau. Miarritzek talde britainiarren antzeko joko estiloa du: aitzinean indar handiko zortzikotea, zangoz zelaia okupatzen duen irekitzaile bat eta jokaldiak bukatzeko pare bat jokalari zalu. Tolosan, berriz, orobaliotasuna duten jokalariak dira nagusi, edozein egoeratan jokaldi ona egiteko gai izan behar dutenak.
Miarritzen oso aitzineko indartsuak daude, agian baloia eskutan oso trebeak ez direnak: Erik Lund, Magnus Lund, Campbell Johnstone, Jerome Thion... Aurkariari min emateko jokalariak dira. Tolosan, aitzinean teknika fina duten jokalariak daude: Nyanga, Sowerby, Lamnboley, Albacete...
Gibelean, halaber, klase handiko jokalariak ditu Tolosak: Clerc, Fritz, Jauzion, Heymans... Eta postu batean baino gehiagotan jokatzeko gai direnak ere ez dira gutxi: Skrela, Michalak, Poitrenaud, Medard... Mugimenduan eraikitako jokoak eskatzen duen trebeziari eta egoerari egokitzeko gaitasuna dira dohain estimatuak Tolosan. Miarritzen, berriz, buruz buru aritzeko behar diren dohainak estimatuagoak dira: Ngwenyaren abiadura, Trailleren indarra, aitzinekoen giharrak... Bi eskolek uzta ona utzi dute Agilera edo Tolosa aldean. Igandean nagusitasuna nork hartuko duen ikustea baizik ez da falta.
Europan ez dago hoberik
Tolosa, Heineken kopako Miarritzeren biharko aurkaria, Europako errugbian historiarik oparoena duen kluba da, 'errugbi totala' deiturikoaren sehaska, eta egungo talderik sendoenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu