Ligako azken jardunaldian Nafarroako Erresuman Real Madrilekastindua eman bazion ere (1-5), datorren denboraldian Europan lehiatzeko aukera ematen duten postuetan jarraitzen du Osasunak, sailkapeneko seigarren postuan baita. Denboraldiko helburu nagusia lortuta —mailari eustea—, Ligako sei onenetako bat izan eta datorren sasoian, Espainiako Ligan aritzeaz gain, Europako talderik onenek jokatuko duten lehiaketaren baten aritzea da Osasunakoen ametsa, eta, horretarako, sasoi amaiera bitartean hankasartze gutxi egin beharko ditu Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak.
Bihar arratsaldean Vallecasen Rayo Vallecano mendean hartzea oso garrantzitsua izango litzateke helburu hori lortzeko. Rayo ez dago sasoiko boladarik onenean, azken hiru partidak galdu egin baititu Jose Ramon Sandovalen taldeak, eta iragan asteburuan gol zaparrada jaso zuten Anoetan (4-0). Horretaz gain, aste honetan klubeko arduradunek entrenatzaileari salaketa jarri eta dirua itzultzeko eskatu diotela aintzat hartuz gero, argi dago Vallecas aldean giro nahasia dutela. Eta hori baliatzen ahalegindu beharko du Osasunak. Orain dela bi aste etxetik at ere irabaz dezaketela erakutsi ondoren —Levanteri 0-2 irabazi zioten—, bihar hori berriro erakustea tokatzen zaie gorritxoei. Ez da erraza izango, baina saria lortu nahi duenak ahalegina egin beharra izaten du, eta sasoi hasieran inork espero ez zuen saria dauka jokoan Osasunak; datorren sasoian Europako lehiaketa bat jokatzea, alegia.
Real Madrilen aurka alferrikako esperimentuak egin ondoren, badirudi ohiko joko sistemara itzuliko dela bihar Osasuna. Mendilibar damututa zegoen liderraren aurka ezohiko era batean jokatzen ahalegindu zelako, eta Espainiako Ligako Lehen Mailako zelai txikienera baldin badoaz ere, entrenatzaile zaldibartarrak badaki berandu dela jokatzeko era aldatzen saiatzeko. Hala, denboraldi osoan hain emaitza ona ekarri dion 4-2-3-1 sistema erabiliko du berriro Osasunako entrenatzaileak, eta Levanteren zelaian orain bi aste jokatutako norgehiagoka hartu nahi dute aurrekari baliagarritzat gorritxoek.Marc Bertran osatuko dela dirudi, eta aurrealdean, Lekic, Nino eta Lamahen artean postu bat jokoan egongo da. Berritasun nagusia ordezkoen aulkian izango da, dena dela. Muñiz Fernandez epaileak egotzi egin zuen Mendilibar iragan asteburuan, eta entrenatzaileak bi partidako zigorra bete beharko du. Hala, Vallecasen Alfredo Sanchez bigarren entrenatzailea ahaleginduko da aulkitik jokalariak zuzentzen. Mendilibarrek harmailetatik ikusi beharko du norgehiagoka.
RAYO-OSASUNA
Rayo. Joel; Tito, Arribas, Labaka, Casado; Javi Fuego, Movilla; Lass, Michu, Armenteros; eta Diego Costa.
Osasuna Andres; Bertran, Sergio, Flaño, Damia; Puñal, Nekunam; Cejudo, Raul Garcia, Nino; eta Lekic.
Epailea. Estrada Fernandez.
Lekua. Vallecas (14.708 ikusle).
Ordua. 18:00 (C+L2 eta O.I.).
Europarako bidean, Vallecas
Real Madrilen aurka galdu ostean, Rayoren zelaian irabazi nahi du Osasunak, Europarekin amets egiten jarraitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu