ATHLETIC 3-1 MALLORCA

Europarekin amets egiten jarraitzen du Athleticek

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Mallorcari San Mamesen, eta, hala, gerturatu egin da Europako postuetara. Oraintxe bertan, bi puntura du Realaren zazpigarren postua. 

Athleticeko jokalariak, Sancetek sartutako gola ospatzen, partidako bigarrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 27a
16:19
Entzun

Athleticek Europan jokatu nahi du datorren denboraldian, eta urratsa egin du gaur, Mallorcari etxean irabazita. Distirarik gabeko garaipena izan da, baina puntuek balio berbera dute. Zuri-gorriek aurkariaren ahuldadea baliatu dute arazo handiegirik gabe irabazteko. Azkar lortu dute bi golen errenta, eta, hortik aurrera, markagailua kontrolatzera mugatu dira. Egoera kontrolpean izan dute oro har, baina urduritu egin dira azken txanpan, kanpokoek aldea penaltiz murriztu ostean. Minutu zailak izan dira Athleticentzat, baina arnasa hartu dute amaieran, hirugarrena sartu eta partida behin betiko erabakita.

Hasiera orekatua izan du partidak. Lehen jabetzak Athleticenak izan dira, baina Mallorca ez zegoen begira geldizteko. San Mamesera premia gorriarekin iritsi da Vicente Morenoren taldea, eta jokoaren ekimena bere egiten ahalegindu da. Athletic ez zen beste munduko ezer egiten ari, baina, halako batean, oparia jaso du. Penalti inozoa egin dio Lago Juniorrek Raul Garciari, eta nafarrak ez du barkatu Manolo Reinaren aurrean: atezainaren mugimendua igarri, eta erdi-erdira jaurti du (14. min).

Eroso zebilen etxeko taldea, eta are erosoago egon da 24. minutuan Oihan Sancetek bigarrena egin eta gero. Prestatutako jokaldi bikain batean iritsi da gola: Unai Lopezek motzean jokatu du Williamsekin, hark baloia itzuli dio, eta jokaldia Sancetek bukatu du, lehen zutoinera egindako jaurtiketa zehatz batekin. Lehen gola du erdilari nafarrak Lehen Mailan. 

Mallorca jota gelditu da, eta Athleticek lasai-lasai bizi izan du minutuen joana. Ez zuen estutzeko ez presarik, ez beharrik. Alabaina, lasaitasunak azkenean lasaikeriari eman dio bide, eta zuri-gorriek gehiegizko erraztasunak eman dizkiote aurkariari bere areara hurbiltzeko. Korner eta falta arriskutsu ugari izan dituzte kanpokoek. Eta penalti bat ere bai, Yurik Trajkovskiri egina. Budimirrek 2-1ekoa egin du (70. min), eta, hala, zalantzak sortu bizkaitarrengan. 

Estu samar ibili da Garitanoren taldea, baina aldaketek arnasberritu egin dute, eta, Mallorcak utzitako espazioak baliatuz, hirugarrena sartu du 89. minutuan. Jokaldi ona egin dute Vesgak eta Cordobak ezker hegaletik, eta Villalibrek jarri dio ginga, area txikian bakar-bakarrik zela. Hala, amets egiteko garaipena lortu du Athleticek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.