Australiako Irekiko finalerdiak zehaztuta gelditu dira, eta ezusteko bakarra egon da: Jo-Wilfred Tsonga frantziarrak eman duena. Hura da zerrendaburua izan gabe azken aurreko koskara iritsi den bakarra. Gainontzekoak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, zerrendaburu nagusien artean zeuden txapelketa hasi zenean. Hori da nabarmentzekoa. Hori, eta Australiako Irekian aurreneko aldiz europarrak direla finalerdietan ariko diren zortzi tenislariak: Roger Federer (Suitza) eta Novak Djokovic (Serbia), Rafael Nadal (Herrialde Katalanak) eta Jo-Wilfred Tsonga (Frantzia), Maria Sharapova (Errusia) eta Jelena Jankovic (Serbia), Ana Ivanovic (Serbia) eta Daniela Hantutxova (Eslovakia).
Final-laurdenetako lau partida jokatu ziren atzo. Federer lehen zerrendaburuak James Blake estatubatuarra hartu zuen mendean (7-5, 7-6 eta 6-4). Suitzarrak 2005ean galdu zuen bere azken partida Australian -Safinen kontra finalerdietan-, eta 2004an Roland Garrosen final-laurdenetan galdu zuenetik, jokatu dituen Grand Slam guztietan gutxienez finalerdietara sailkatu da. Marka guztiak apurtzera bidean doa, beste behin. Hari kontra egin diezaioketenen artean dago finalerdietan kontrario izango duena: Novak Djokovic. Erakustaldia emanda irabazi zion atzo David Ferrerri (6-0, 6-3 eta 7-5), eta Federerri nola jokatu badakiela esanez agurtu zen hurrengo partida arte -bos t aldiz aritu dira elkarren kontra eta Torontoko Irekiko finalean bakarrik irabazi dio-.
Final-laurdenetako beste bi partidak emakumezkoenak izan ziren. Ana Ivanovic serbiar gazteak Venus Williams estatubatuarra hartu zuen mendean (7-6 eta 6-4). Egia da izter bat lotuta zuela aritu zela Williams, baina Ivanovic hura baino gehiago da gaur egun -20 urterekin, hirugarren aldiz iritsi da Grand Slameko finalerdi batera-. Ana Hantutxova izango du kontrario. Agnieszka Radwanska gaztearen ametsa zapuztu zuen hark atzo (6-2 eta 6-2).
Europarren erreinuan
Australiako Irekiaren historian lehen aldiz, finalerdietako tenislari guztiak Europakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu