Futbola

Eusebio: "Ez dizuet huts egingo"

Realaren egungo jokalari multzoa "izugarri" gustatzen zaiola argituta, Eusebio Sacristanek "ilusioz gainezka" heldu dio entrenatzaile karguari. David Moyes kargutik kendu izanaren ardura "denena" dela gogorarazi du Jokin Aperribai presidenteak.

jarraia116595.jpg
unai zubeldia
2015eko azaroaren 10a
13:51
Entzun

"Izugarri gustatzen zait Realaren egungo jokalari multzoa. Kalitate handikoa da". Eusebio Sacristanek "ilusioz gainezka" heldu dio Realaren entrenatzaile karguari. "Eta ez dizuet huts egingo". Urtebeteko lanaren ondoren David Moyes kargutik kendu ondoren, "eguneroko lanari eta konfiantzari" garrantzi handia eman dio espainiarrak. Jokoan, berriz, "kontrola, erasoko jokoa, defentsako oreka eta intentsitatea" bilatuko dituela argitu du. Juan Carlos Andres izango da bigarren entrenatzailea, eta lehen taldean jarraituko du Asier Santanak ere. Gerardo Izagirre ariko da, berriz, prestatzaile fisiko lanetan. 2017ko ekainera arteko kontratua sinatu du Eusebiok. "Baina karguan hamar urte irautea espero dut", aitortu du Jokin Aperribai presidenteak. "Oso seinale ona litzateke bai klubarentzat eta bai beretzat".

Aurreko denboraldiko egoera berbera dauka Realak parez pare. "Eta zerbaitetan huts egiten ari gara azaro bakoitzean entrenatzailea aldatzen ari bagara", adierazi du Aperribaik. "Xehetasun txiki asko hobetu behar ditugu hau ez errepikatzeko". Azken 20-22 urteotan Reala hamar onenen artean sei aldiz bakarrik sailkatu dela gogoratu du presidenteak. "Eta umiltasunaz eta baloreez hizketan hasi beharra daukagu. Garena baino gehiago izan nahi dugu, eta ez gara". Atzo Moyesekin "hizketaldi luzea" izan zuela jakinarazi du Aperribaik. "Ordubetetik gorakoa". Eta soldataz aparteko kalte-ordainik ez duela jaso gaineratu du.

Realaren lehen taldeak 16:00etan egingo du lehen entrenamendua Eusebioren esanetara, eta Os Belenensesen aurka lagunarteko partida jokatuko du ostiralean, Lisboan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.