selekzioa

'Euskadi', derrigorrean

Euskadiko Futbol Federazioak presioak izan ditu abenduaren 23ko lagunarteko partidarako selekzioari 'Euskal Herria' izena kentzeko. Jokalariek iaz garbi utzi zuten aurrerapausorik egon ezean ez duela zentzurik partidak jokatzen jarraitzeak.

Julen Etxeberria.
2008ko azaroaren 8a
17:09
Entzun
"Euskal Herria izenak definitzen du ondoen selekzioa osatzen duten jokalarien jatorria". Iñaki Dobaran Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariaren hitzak dira. 2007ko abenduaren 10ean esan zituen, Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioen arteko lagunartekoaren aurkezpenean. "Euskadi da uneotan gehien komeni zaigun izena". Dobaranen hitzak dira ere, baina herenegun Radio Euskadiri esandakoak, Euskadik abenduaren 23an San Mamesen Iranen aurka lagunartekoa jokatuko duela jakin zen egunean. 11 hilabete eskaseko tartean iritzia erabat aldatu du Euskadiko Federazioko presidenteak: Euskal Herria jadanik ez da selekzioa ondoen definitzen duen izena, Euskadi baizik.

Zergatik aldaketa hori? Zergatik Euskadi Zergatik ez Euskal Herria Arrazoia sinplea da: Euskadiko Federazioak presioak izan ditu selekzioaren izena alda dezan. Egunkari honek jakin zuenez, Euskadiko Federazioak aspaldi erabaki zuen selekzioari Euskadi izena jartzea, presioen ondorioz. Ez da lehendabiziko aldia, iaz ere presioak izan zituen, Eusko Jaurlaritzak ez baitzuen ondo ikusi izena aldatzea. "Guretzat, Eusko Jaurlaritzarentzat, izen aldaketa ez da zuzena izan, ez da ongi egin, aldaketak ez du arrazoirik, eta arinkeriaz egin da", esan zion Jose Ramon Garai Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak BERRIAri elkarrizketa batean.

Ez zen izan izen aldaketa kritikatu zuen bakarra; zenbait politikari ere horren aurka azaldu ziren: Iñigo Urkullu EAJko idazkari nagusia eta Iñaki Anasagasti EAJk Madrilen duen senataria, besteak beste. Izen aldaketa "lau jokalarik" bultzatutako ekimena zela salatu zuten. Zenbait babeslek ere ez zuten begi onez ikusi izena aldatzea. Euskadiko Federazioak, hala ere, bereari eutsi zion, eta selekzioak Euskal Herria izenarekin jokatu zuen Kataluniaren aurka. Oraingoan, ordea, presioei men egin die, eta Euskal Herria izena baztertu eta Euskadi izenaren alde egin du. Federazioak ez du berriro izenarekin tirabirarik egotea nahi. Hala, Dobaranek herenegun eskatu zuten "izenaren inguruan eztabaidarik ez pizteko". Federazioak komunikabideei bidalitako faxean, hala ere, "euskal selekzioa" aipatzen zuen euskaraz, eta "selección vasca" gaztelaniaz.

Jokalariak, konpromiso eske

Euskadiko Federazioak, beraz, hartu du erabakia. Orain, selekzioko jokalariek zein iritzi duten jakitea falta da. Halere, iaz izena aldatzea euren ekimena izan zela aintzat hartuta, agerikoa da ez dutela begi onez ikusiko. Jokalariek argi utzi dute azken bi urteetan zein den euren iritzia, euren jarrera. "Hiru milioi biztanleko herria da hau, eta guk uste dugu herri hori Euskal Herria izenak ordezkatzen duela. Izena baino gehiago, izanaren kontua da", adierazi zion iaz Mikel Labaka Relako jokalariak BERRIAri.

Hala, orain bi urte, agerraldia egin zuten Durangon (Bizkaia), Euskadiren eta Serbiaren arteko lagunarteko partida jokatu baino bost egun lehenago. Argi eta zorrotz hitz egin zuten, eta lagunarteko partidez gainera partida ofizialak ere jokatu nahi zituztela aldarrikatu zuten.

Dauden oztopo legalen gainetik "ahalegin handiagoa" egiteko ere eskatu zioten Euskadiko Federazioari. Halaber, lehenbailehen "zuzendu" beharko liratekeen hainbat puntu azaldu zieten federazioko arduradunei: selekzioak Euskadi izena erabili beharrean Euskal Herria erabiltzea, deialdia Euskal Herri osoan eta euskal jokalari guztientzat egitea, ereserki nazionala erabiltzea eta euskara erabiltzea. Euskadiko Federazioko arduradunek eskaerak aintzat hartu eta aurrera begira "ikuspegi berriarekin" jardungo zutela agindu zieten jokalariei. Euskadiko Federazioak emandako hitza bete ezean neurriak hartuko zituztela aurreratu zuten jokalariek. "Aurrerapausorik eman ezean, eta zelaiko lanari bulegoetako eta beste esparruetako lana gehitu ezean, ez luke inolako zentzurik partidak jokatzen jarraitzeak", azpimarratu zuten. Argiago ezin. Federazioak agindutakoa bete zuen, eta Euskal Herria izenaren alde egin zuen Kataluniaren aurka jokatzeko.

Durangon egindako agerraldiak jarraipena izan zuen iaz. Euskal Herriko kirolari talde handi batek, futbol selekzioko hainbat jokalari tartean, "ofizialtasunaren bidean indarrak areagotzeko" eskatu zuen Donostian egindako agerraldian. Horrez gain, Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioen arteko lagunartekoa jokatu aurretik, Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat lelopean ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak antolatutako manifestaziora joateko deia egin zuten agerraldian. Deiak arrakasta izan zuen, milaka lagunek hartu baitzuten parte Bilbon egindako manifestazioan, antolatzaileek espero baino gehiagok ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.