Futbola

Euskadiko Federazioak astelehenean emango ditu lagunarteko partidaren inguruko azalpenak

Argentinaren aurka jokatzekoa zen lagunartekoa bertan behera zergatik geratu den argituko du.

Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatu zuen azkenekoz Euskal Herrian, iazko urrian, Mendizorrotza zelaian. ENDIKA PORTILO / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 20a
18:01
Entzun

Euskadiko Futbol Federazioak abuztuaren 28an iragarri zuen euskal selekzioak lagunartekoa jokatuko zuela Argentinaren aurka urriaren 13an, baina duela bi aste jakinarazi zuen bertan behera geratu dela partida hori. Datorren astelehenean emango ditu azalpenak Federazioak, Bilbon, Euskalduna jauregian, 12:30ean.

Argentina mundu mailako selekzio onenetakoa da, eta, baliatuz Alemanian lagunartekoa jokatu behar duela urriaren hasieran, Euskadiko Futbol Federazioak saialdia egin zuen argentinarrak San Mamesera ekartzeko. Tratua itxita zegoela iragarri zuen erakundeak, baina handik pare bat egunera jakin zen partida airean zegoela, eta Argentinako Federazioak ezer ez zekiela zabaldu zen. Saiatu da Euskadiko Futbol Federazioa egoera bideratzen, baina ez du ezer lortu.

Futbol egutegian, FIFAk (Nazioarteko Futbol Federazioak) egun batzuk dauzka jarrita lagunartekoak jokatzeko, eta aukera horri heldu nahian dabil Euskadiko Futbol Federazioa. Aurreko maiatzaren 30ean jokatu zuen lehen aldiz data horietan, eta Panamako partida, bertako selekzioaren aurkakoa, hutsean bukatu zen. Javier Clementeren debuta izan zen euskal selekzioarekin.

Iazko abenduaren 12an Durangon egindako batzarrean, Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean iritsi zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna: «Erabat gauzatu ezina da eskari hori». Ordutik ez da berririk egon, baina halako partidekin bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute, ofizialtasunaren bidean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.