SOKATIRA

Euskadiko Laukoa asteburuan amaituko da

Lur gaineko Euskadiko Lauko Txapelketako bi saio jokatuko dira Erandion eta Leioan, eta lau txapel izango dituzte jokoan

KA
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Joan zen maiatzaren 9an abiarazi zuten Euskadiko Lauko Txapelketa, eta asteburuan amaituko da. Orain arte, Nuarbe gailendu da gizonezkoetan, eta 320 kiloko txapela jantzi zuen. Gaurko azkenaurreko saioan, gizonezkoen 280 kiloko finala jokatuko da, eta, emakumezkoen 260 eta 280 kilokoen bigarren jardunaldia. Ondorioz, hiru txapel izango dira jokoan, Erandioko (Bizkaia) Alzaga kiroldegiaren aurrean, Tartanga kalean, arratsaldeko 5:00etan.

Gizonezkoen 280koan, Getxo, Goiherri, Gaztedi A, B eta C eta Nuarbe lehiatuko dira. Pisurik txikiena izanik, zailtasun handiagoa dute klubek talde bat baino gehiago osatzeko. Horregatik, nabarmentzekoa da Gaztedik hiru talde zelairatzea. Egia da tiralari gazteak dituela eta ez zama handikoak.Bestalde, soilik talde bat zelairatuko dutenek aukera izango dute talderik sendoenarekin jarduteko. Iaz ere sei talde aritu ziren lehian, eta hauxe izan zen sailkapena: 1. Nuarbe; 2. Goiherri; 3. Gaztedi A; 4. Areso; 5. Getxo; 6. Gaztedi B.Emakumezkoei dagokienez, Laukizko Gaztedi gailendu zen 260 eta 280 kiloko lehen jardunaldian. Lau tiralari aritu sokaratu zituen, eta tiraldi guztiak irabazi zituzten bi pisuetan. Gatikak, berriz, mendean hartu zuen Torrekolanda. Agian, bigarrenposturako egongo da lehia. Biharko azken saioa Leioan (Bizkaia) jokatuko da eta ez Getxon, hasiera batean pentsatua zen bezala. Gizonezkoak ariko dira soilik, eta 300 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta txapela erabakiko dute. Iaz Nuarbe nagusitu zen, eta bihar ere, aukera osoa du, B eta A taldeak baitira sailkapeneko buruak. San Bartolome-Leioan jokatuko da saioa (11:00), Ibilaldiaren egitarauaren barnean.

Ipar Euskal Herriko Txapelketako hiru final

Goma gainekoari dagokionez, Ipar Euskal Herriko hiru final jokatuko dira, Donostirin (Nafarroa Beherea), arratsaldean 17:00etan. Aurrez kanporaketak jokatu zituzten hainbat pisutan, Baigorrin, Urruñan eta Iholdin. Gaur, 560, 640 eta 720 kiloko finalak jokatuko dira. Pisurik txikienean bi talde ariko dira: Lapurdiko Ñapurrak (Ezpeleta) eta Zudaire. 640 kilokoan, berriz, Ñapurrak, Zuraide 1 eta 2, Uztaritze (Lapurdi), Jutsi-Baigorri (Nafarroa Beherea) eta Baiona (Lapurdi).

Gaurko pisurik handienean, 720 kilokoan, Ñapurrak, Donamartiri (Nafarroa Beherea), Beskoitze (Lapurdi), Uztaritze eta Jutsi-Baigorri lehiatuko dira. Iaz Zuraide ukan zuen aurkari Ñapurrakek, baina Ezpeletakoek ia dena irabazten dute Ipar Euskal Herrian azken urteotan.Aurtengo txapelketa heldu den ekainaren 5ean amaituko da, eta orduan ere, hiru pisuko finalak jokatuko dira, Uztaritzen (Lapurdi).

Nafarroako Txapelketako azkenaurrekoa, Berriozarren

Bi saio geratzen zaizkio goma gaineko Nafarroako Txapelketari amaitzeko, eta lehena gaur jokatuko da Berriozarko Eguzki Plazan eguraldi ona eginez gero, eta bestela, pilotaleku berrian (18:00). Gizonezkoen 600 kiloko 2. jardunaldia eta erabakigarria jokatuko dute Beti Gaztek (Lesaka), Txantreak (Iruñea), Berriozarrek eta Burlatak. Lehen jardunaldia Urdazubin jokatu zuten, igandean, eta lesakarrak gailendu ziren. Ondorioz, bigarren posturako izango da lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.