Harri handietako Euskadiko Txapelketan ibilia da Elosukorta, baina azkenaldian aski lanpeturik dihardu, eta, horregatik, Igeldoko Harria Txapelketa eta erakustaldiak izan dira bere jarduna. Herenegun, ordea, Urrezko Harri-jasotze Lehiaketan esku hartu zuen, ezkondu berria izanik. 33 urte dituela, oraindik ez du baztertu harri handietako Euskadiko Txapelketan aritzea.
Zerk bultzatu zaitu lehiaketan esku hartzera?
Batez ere, Joxerramonek [Izeta II.a], bestela bikotea osatzeko gaizki ibiliko baitziren.
Idiazabalen erakutsitakoagatik, ez zaude sasoi betean.
Ez, egia esateko, oso une txarrean harrapatu nau. Euskal Herritik kanpo izan naiz, eta orain dela hamar egun heldu naiz. Etorri eta berehala proba egin nuen 200 kiloko koadroarekin, eta bi jasoaldi nahiko narras egin nituen. Nolanahi ere, bolarekin ere jardun behar genuen biok, eta horrek animatu ninduen.
Dena den, zuk jarduten duzu 200eko koadroarekin erakustaldietan; zer gertatu zen igandean?
Bai, erabiltzen dut harri hori. Azkena, gainera, sanjosetan egin nuen erakustaldia, martxoaren 20an. Harrezkero, ordea, gure ezkontza suertatu da, eztei bidaia hamabost egunez eta ez dut izan harria ukitzerik. Bengoari eskatu nion kanporaketa atzeratzeko, baina ezinezkoa zela, eta egoera desegokian plazaratu nintzen; indarrez justu.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Ba al duzu asmorik gehixeago aritzeko txapelketetan?
Egia esateko, gogoa dudalako ari naiz harri-jasotzen, batez ere, Goenatxorekin nabilelako eta hark asko animatzen nauelako, bestela zail izango nuke, ez baitaukat prestatzeko aukera handirik. Nire kontura aritzen naiz lanean, eta ez dugu ordutegi finkorik izaten. Horregatik, larri ibiltzen naiz prestatzeko, eta bat ez bada behar bezala prestatzen, ezin du ezer egin; bestela ere, ez gara asko eta.
Zer iritzi duzu Urrezko Harri-jasotzaileen Lehiaketaz?
Lehen aldia da, eta dudak izaten dira, baina heldu den urtean indar handiagoa hartuko du. Aurtengoa oso parekatua izango da. Lazkaon, esate baterako, 33 jasoaldi egin zituzten bolarekin, eta jendeak esan zuen ez zegoela gehiago egiterik. Igandean, berriz, 34 egin genituen eta galdu egin genuen. Uste dut, gainera, 36 jasoaldi ere egin daitezkeela.
Dena den, harri handietako txapelketan neurria emango zenuke.
Askotan pentsatu izan dut parte hartzea, baina behin plazaratuz gero, lau harriekin lan txukuna egin nahi nuke. Halere, litekeena da aritzea. Oraingo helburua entrenamenduekin berriro hastea da, eta ea harri horiek mendean hartzen ditugun ikustea.
Zu animatuko bazina, antzekoa gerta lekioke Goenatxori.
Goenatxok lan ona egingo luke, baina bere urteak ditu, eta ez lehiatzeko erabakia hartu zuen.
Elkarlanean ariko ez bazinate, zailagoa gertatuko al litzateke jarraitzea ?
Berak esaten dit urte pare bat geratzen zaizkiola, eta nik esaten diot berak uzten duenean nik ere utzi egingo dudala, eta horrelaxe izango litzateke.
Sasoia hasi besterik ez da egin; zer asmo jarri dizkiozu zeure buruari?
Erakustaldiekin jarraitu eta Igeldoko Harrian ere ariko naiz.
Uztailean, berriz, Ameriketara.
Urtero egiten dute jaialdia, eta hara joango gara Goenatxo, Ostolaza eta ni erakustaldiak egitera, uztailetik abuztura. Gainera, hiru aizkolari ere joango dira.
«Euskadikoan esku hartzea pentsatu dut, baina txukun aritu behar da lau harriekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu