Euskal derbia, Aguileran

Anoetan ez, Miarritzen jokatuko da derbia, salgai jarritako sarreren erdiak bakarrik saldu direlako

Lacroix Baionako jokalaria baloiarekin, Anoetan, Miarritzeren aurka, Euskal Herriko Kopan. GORKA RUBIO /ARP.
Erredakzioa
Baiona
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Aguileran jokatuko da azkenean Miarritzeren eta Baionaren arteko derbia, eta ez Anoetan hasieran pentsatuta zegoen moduan. Eguna eta ordua dira antolatzaileek aldatu ez dituzten bakarrak. Datorren igandean jokatuko da, arratsaldeko bostetan.

Bi taldeetako zuzendaritzak herenegun elkartu ziren, presazko bilera batean, eta han hartu zuten partida Aguileran jokatzeko erabakia. Zaleek sarrera gutxi erosi dituztela aitortu dute bi aldeek (15.000 inguru), eta, haienarabera, halako maila duen partida batean, harmailak ezin dira «erdi hutsik» egon. 32.000 ikuslerentzako lekua du Anoetak egun, eta 13.400 pertsonentzako lekua, berriz, Aguilerak. Askoren oroimenean gelditu dira Top14ko bi taldeek Donostian jokatu izan duten guztietan sortu izan den giroa, estadioa zein inguruko kaleak hango eta hemengo zalez beteta. Igandean, ordea, ez da horrelakorik errepikatuko.

Bi zuzendaritzek ere, garai haiek gogoan zituztela hartu zuten elkarren aurka duten sasoiko lehenderbia Anoetan jokatzeko erabakia.Baionaren arabera, euskal errugbiaren festa izanik, «ahalik eta zale gehienek parte hartzea» da haien helburua, eta horregatik, Anoetan zale gehiago sartzen delako aldatu zuten partidaren lekua. Zoritxarrez, baina, eta «kirol egoera zailak behartuta», sasoi honetan Anoetan gehiago ez jokatzeko erabakia adostu zuten bi aldeek herenegun.

Imanol Hariñordoki Miarritzeko jokalariak bere iritzia eman zuen atzo, erabakiaren berri jakin ostean. «Nahiago dut Aguileran jokatu eta zaleen oihuak gertutik entzun, Anoeta huts batean jokatu eta zaleen animoak urruti entzun baino», azpimarratu zuen jokalari garaztarrak.

Igandeko partida Anoetan jokatu izan balitz, bigarren aldia izango zen Top14ko bi euskal taldeen arteko derbia han jokatuko zena. Lehenagotik bi taldeek jokatu izan dute Gipuzkoako hiriburuan, baina beti beste aurkari batzuen kontra. Iaz aritu ziren bi taldeak elkarren kontra lehen aldiz Anoetan, martxoaren 26an. Miarritzekoek irabazi zuten orduko partida hura: 40-10. Joan denabuztuaren 3an, berriz, Euskal Herriko Kopa jokatu zuten Miarritzek eta Baionak Anoetan bertan. 10-0 amaitu zen partida hura, Miarritzeren mesedetan. Orduko hartan, gainera, 9.000 lagun baino ez ziren elkartu partida ikustera.

Joan den urtean ere, azaroaren 5ean, bi euskal taldeak elkarren aurka jokatzekoak ziren Anoetan; baina, jokalari batzuek hazizurria zutela eta, neurketa atzeratzea erabaki zuen Frantzia- ko Ligak. Aste batzuk geroago jokatu zen derbia, baina Aguileran.

Kirol ikuspegitik begiratuta, egoera zeharo ezberdinetan iritsi dira bi taldeak denboraldiko lehen derbira. Sailkapeneko laugarren postuan da Miarritze, hemezortzi punturekin, eta azken-aurreko postuan Baiona, zazpi punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.