Euskal Herria-Eslovakia emakumezkoen lagunarteko futbol partida ekainaren 23an jokatuko da Donostian, Anoeta futbol zelaian. Partida 16:30ean jokatuko badute ere, goizetik hainbat jarduera antolatu dituzte, gaur goizean Donostian emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Partidari dagokionean, datozen egunetan emango dute deialdien berri. Gaurko agerraldian izan dira Maite Inda Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kidea, Itziar Arratibel Esait-eko ordezkaria eta Mikel Troitiño Euskal Herria Kirola elkarteko kidea. Horiekin batera, Realeko eta Athleticeko hainbat jokalari egon dira.
10:30etik aurrera kale animazioa izango da Anoeta kanpoaldean. Euskal jokoen txapelketa, pailazoen ikuskizuna eta musika emanaldiak prestatu dituzte, besteak beste.
Bazkalostean, futbol zelai barrura eramango dute festa. Kirolariek, abeslariek eta bertsolariek partida aurreko giroa berotuko dute, eta penalti jaurtiketak ere izango dira.
20:30ak arte iraungo du festak.