Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak agerraldi bateratua egin dute gaur, eta adierazi dute Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzearen aurka egon arren, inondik inora ez diotela boikotik egingo. Ostiralean iritsiko da Vuelta Euskal Herrira, eta Bilbon eta Gasteizen etapa bana amaituko dira.
Miren Legorburu eta Tasio Erkizia ezker abertzalekoak, Oskar Matute Alternatibakoa, Joseba Gezuraga eta Elena Gartzia EAkoak eta Jon Iñarritu Aralarrekoak Vueltaren aurka Bilbon eta Gasteizen egingo diren bilkuretan parte hartzera deitu dute. "Erantzukizunez eta errespetuz txirrindularitzaren alde baina inposaketen aurka gaudela eta Euskal Herria nazioa dela aldarrikatuko dugu".
Gainera, Vuelta Bilbon eta Gasteizen amaitzea PPren eta PSE-EEren estrategia dela salatu dute, "Euskal Herria Espainiaren zati bat dela irudikatzeko eta espainolizatze prozesu baterantz bideratzeko".