Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) kontzentrazioa egin du gaur, Iruñeko Baluarte plazan. Espainiako Vuelta Euskal Herrian arituko da lau egunez, eta horren aurka egin du ESAITek. Ehun bat lagun bildu dira Euskal Herria "nazio bat" dela eta "bizirik" dagoela aldarrikatzera, ikurrinak eskuan. Dantzariek banderaren agurra egin dute.
Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak argi utzi nahi izan du ez daudela inolako kirol probaren aurka, baina adierazi du Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzearen atzetik euskal nortasuna ezabatzeko nahi garbia dagoela. Gainera, kexu agertu dira Vueltako antolatzaileak ez dutelako bertako kirol elkarteekin bildu nahi izan. Bertan izan dira, besteak beste, Koldo Amezketa eta Bakartxo Ruiz Bilduko kideak ere.
Hasiera batean, kalejira bat egitea erabaki zuten, Santo Domingotik Foru Diputaziora. Ordu batzuk geroago izango den taldekako erlojupekoaren ibilbidetik, hain zuzen. Baina Espainiako Gobernuak ez zien horretarako baimena eman, eta ekitaldia Baluarte plazara mugitu dute. Bestalde, Eibartik Arraterainoko bizikleta martxa egingo du ESAITek etzi. Ekintza horretarako, Eibarko Udalak ez dio oztoporik jarri.