Espainiako Vuelta Euskal Herrian sartu da gaur hainbat urtez igaro gabe egon ondoren. Noja eta Bilbo artean 158,5 kilometro dauzka gaurko etapak, eta azken 99ak egingo dituzte Bizkaian. Las Muñecasetik sartu dira Euskal Herrian, eta 17:30ean amaituko da etapa, Bilboko Kale Nagusian. Kantabriak Euskal Herriarekin duen mugan ehundik gora lagun bildu dira Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko.
[YouTube]http://youtu.be/udUhiCjRS-o[/YouTube]
Goizean goizetik hasi dute pestaketa lana ESAITeko kideek eta Berria TBko Lara Madinabeitia kazetaria beraiekin izan da goiz osoan zehar; Berriketan.infon aritu da ikusitakoaren kontaketa egiten. Berak kontatutakoaren arabera, ESAITeko kideak pankarta handi bat jartzen saiatu dira errepidearen alde batetik bestera, baina bertan zeuden poliziek ez diete utzi eta tamaina txikiagoko bat jarri dute albo batean Euskal Herria nazioa. Basque Country a nation leloarekin -bideoan ikus daitekeen bezala-.
Horren ondoren Txirrindularitzari bai, inposizioari ez, Euskal Herria nazioa! leloa zeukaten kartelak banatu dituzte bertaratu den jendearen artean, mahaitxo bat jarri dute horretarako. Ertzaintzak oso hurbiletik jarraitzen ditu eta mahaitxoa inguratu dute. Martxel Toledo ESAITeko kideak salatu duenez "ez du ulertzen" zergatik jarri dizkieten hainbeste traba eta polizia beraiek hasiera batetik garbi utzi dutenean ez dutela lasterketaren aurkako boikotik egingo.
Besteak beste, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea eta Bizkaiko EAko koordinatzaile Joseba Gezuraga ere gerturatu dira Kantabria eta Euskal Herriaren arteko mugara. Erkiziak esan du Vuelta Euskal Herritik igarotzea "PP eta PSOEren ahuleziaren erakusle" dela eta Gezuragak gaineratu du erabaki "erabat politikoa" izan dela.
Esan bezala, ESAITek eta hainbat alderdik txirrindularitzaren alde baina inposaketaren kontra agertu dira egun hauetan, eta boikota egingo ez badute ere, protesta ekitaldiak deitu dituzte hogeitik gora eragileren atxikimenduarekin.
Espainiako Vueltako antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, datorren urtean Iruñetik aterako da Espainiako Vuelta. 1994. urtetik ez zen igarotzen itzulia Nafarroako hiriburutik; orduko horretan hamahirugarren etapa izan zen, eta Laurent Jalabertek irabazi zuen. Hurrengo egunean etapa Iruñetik atera eta Tony Romingerrek irabazi zuen.