Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak jendaurrean babestu dituzte Euskal Herriko elastikoarekin lehiatzeagatik Europako Beteranoen Pista Estaliko Atletismo Txapelketatik kanporaturiko atletak. Martin Garitano ahaldun nagusiak aldarrikatu du atletok "eskubide osoa" dutela euren herrialdeko elastikoarekin lehiatzeko, eta bi erakundeen izenean, aurreratu du "euskal herritarren eskubideak zapaltzen dituzten jarrerak" ez dituztela onartuko: "Eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu etorkizunean horrelakoak berriro gerta ez daitezen".
Dena den, ez dute zehaztu zer-nolako neurriak izango diren. Gai berean, ez dio eragingo jokoan ari den txapelketari, ez baitiote diru laguntza kenduko, euren gain harturiko "konpromisoak" bete behar dituztelako.
Atleten kaleratzeen soka ez da eten oraindik, eta litekeena da gaur kasu gehiago izatea, hainbatek aurreratu dutelako Euskal Herriko elastikoarekin parte hartuko dutela. Atzo arte lau ziren kaleraturiko atletak. Txapelketa Donostian eta Errenterian ari da jokatzen.