Euskal Herriko tiratzaileak nagusi izan dira Getxon (Bizkaia), Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketako selekzioen arteko lehiako lehen jardunaldian. Lau txapel jarri dira jokoan, eta erdiak bururatu dituzte euskal tiratzaileek. Emakumezkoen 500 kiloko mailan eta gizonezkoen 560 kilokoan nagusitu dira. Suitzako selekzioa hartu dute mendean bietan. Emakumezkoetan, Herbehereentzat izan da brontzezko domina, eta gizonezkoetan, Alemaniarentzat.
Arratsaldeko saioan eskuratu dituzte bi dominak Euskal Herriko tiratzaileek. Izan ere, goizean, ez dira gai izan finalerdietarako sailkatzeko, ez gizonezkoen 680 kilokoan, ezta 580 kiloko mistoan ere. Aurrenekoan Alemania nagusitu da, eta bigarrengoan, Suedia.
Gaur irabazitako biekin, euskal ordezkariek sei domina irabazi dituzte jada Munduko Txapelketan: urrezko lau eta brontzezko bi. Igandean amaituko da lehia. Selekzioen arteko bigarren jardunaldia jokatuko dute: goizean, gizonezkoen 720 kilokoa eta 23 urtez azpiko 600 kilokoa; eta arratsaldean, gizonezkoen 640 kilokoa eta emakumezkoen 540 kilokoa. Euskal selekzioak guztietan du aukera dominaren bat irabazteko.