Kirola

Euskal kirolariak nazioartean lehiatzeko laguntzak ematearen kontrako helegiteak jarri ditu Espainiako Gobernuak

Eusko Jaurlaritzako Kirol Sailaren bi neurriren aurka egin du. Jaurlaritzak urtero ia milioi eta erdi euro bideratzen ditu.

2008ko ekainaren 30a
14:00
Entzun
Espainiako Gobernuak euskal kirolariak Espainiaren pean nazioartean ez aritzeko beste traba bat jarri du, eta Eusko Jaurlaritzak kirolarioi nazioarte mailako lehiaketetan parte hartzeko ematen dizkien laguntzen kontrako bi helegite jarri ditu. Hala jakinarazi du gaur Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak.

Kirol Sailak harturiko bi neurriren aurka egin du, hain zuzen, Espainiako Gobernuak, kontentzio administratiboaren bidetik: batetik, Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan antolatutako nazioarteko lehiaketen kontra eta, bestetik, horrelako probetan euskal talde edo selekzioak babestearen kontra. Jaurlaritzak bi arlo horietarako 1.400.000 euro ematen ditu urtero.

Iaz, berriz, hainbat euskal federazioren funtzionamenduari buruzko 42 helegite sartu zituen Espainiako exekutiboak.

"Bistan da autogobernuaz zer jarrera daukan. PP baino haratago doa Zapatero", esan du Azkaratek. "Kirolaren monopolioa nahi du, eta horretarako Gernikako Estatutuaren kontra egiteko zalantzarik ez dauka. Kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eskumen osoa duela kirol arloan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.