Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak bilera egin zuten atzo Bilbon, eta bertan adostutakoaren arabera, gizonezkoen euskal selekzioak norgehiagoka jokatuko du, urriaren 13an, igandez, San Mamesen, Argentinaren aurka. FIFA datetan jokatuko duen bigarrena izango da, aurreko urtean Venezuelaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partida eta gero. Aro Modernoko 35.a izango da, eta aurten jokatutako bigarrena. Maiatzaren 30ean Panaman jokatu zuen.
Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioak adiskidantzazko norgehiagoka jokatuko du egun batzuk lehenago Dortmunden, Alemaniaren aurka, eta interes handia zuten Europan beste norgehiagoka bat jokatzeko. Hala sortu da aukera. Argentina bi aldiz izan da Munduko txapeldun, eta hamalau ladiz Amerikako Kopakoa. Azken txapelketan, ordea, ez du lan ona egin. Hirugarren izan zen, adibidez, aurtengo Amerika Kopan, eta iaz, Munduko Kopan, Frantziak kanporatu zuen final-zortzirenetan.
Kritika asko jaso ditu, batez ere Lionel Messik, Bartzelonan egin ohi duen jokotik urrun baitago. Baina Scaloniren eskutik garai bateko nortasuna eta distira berreskuratu nahi ditu Argentinak. Ikusteke dago zein deialdi osatuko duen, eta Messi, Sergio Aguero edo Paulo Dybala bezalako jokalariak Bilbon izango diren.
Euskal selekzioa San Mamesera itzuliko da. 2016ko abenduaren 30ean jokatu zuen azken aldiz bertan, Tunezen aurka. 3-1 irabazi zuen, Asier Illarramendik, Aritz Adurizek eta Mikel Oiartzabalek sartutako golei esker. Baina sarrera oso eskasa izan zen, eta iaz selekzioaren neurketa Mendizorrotzan jokatu zen. Berriz zaleak erakartzea da federazioaren eta Jaurlaritzaren helburua, eta aurkari erakargarria eta aproposa dirudi Argentinak horretarako.
Argentinaren aurkakoa Javier Clementek euskal selekzioa zuzentzen duen bigarren lehia izango da. Debuta Panamaren aurkako partidan egin zuen. 0-0 berdindu zuten. Bero eta hezetasun handiko lehia izan zen, eta horren ondorioz ia ez zuen erritmorik eduki. Partida hartako deialdia berritasunez beteta egon zen. Zerrendan zeuden hamazazpi jokalarietatik bederatzik lehen aldiz jantzi baitzuten selekzio nagusiaren elastikoa: Iago Herrerinek, Aitor Fernandezek, Aihen Muñozek Unai Bustintzak, Jesus Aresok, Daniel Vivianek, Gaizka Larrazabalek, Iñigo Vicentek eta Asier Villalibrek. Zenbait arrazoi tarteko hainbat jokalari garrantzitsu faltatu izan ziren deialdian: Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Igor Zubeldia, Iñaki Williams, Yuri Berchiche eta Iker Munian, besteak beste. Gainera, beste behin ez zen Ipar Euskal Herriko jokalaririk egon deialdian. Ikusteke dago orain ere Clementek zein jokalari dituen eskuragarri, FIFA datak baitira.
Iazko abenduaren 12an Durango egindako batzarrean Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean iritsi zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna: "Erabat gauzatu ezina da eskari hori". Ordutik ez da berririk egon, baina halako partidekin bide horretan urratsak egiten jarritu nahi dute ofizialtasunaren bidean.