FUTBOLA

Euskal selekzioak Uruguairen aurka jokatuko du martxoaren 23an, San Mamesen

Gizonezkoen euskal selekzioak 2020ko azaroaren 16an jokatu zuen azkenekoz, Ipuruan, eta 2-1 irabazi zion Costa Ricari.

Euskal selekzioak eta Costa Ricak 2020ko azaroaren 16an Ipuruan jokatu zuten partidako jokaldi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Euskal selekzioak eta Costa Ricak 2020ko azaroaren 16an Ipuruan jokatu zuten partidako jokaldi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 26a
13:19
Entzun

Gizonezkoen futboleko euskal selekzioak partida bat jokatuko du, azkenekoz jokatu eta ia hiru urte eta erdi geroago. Euskadiko Futbol Federazioak gaur jakinarazi du euskal selekzioa Uruguairen aurka ariko dela martxoaren 23an, San Mamesen, 20:00etan. Hirugarrenez ariko dira bi selekzioak elkarren aurka, eta aurreko bietan euskal selekzioa nagusitu zen: 1998an, 5-1 Anoetan, eta 2003an, 2-1 San Mamesen.

Euskal selekzioak 2020ko azaroaren 16an jokatu zuen azkeneko aldiz, Eibarren (Gipuzkoa), Ipuruan, Costa Ricaren aurka. 2-1 irabazi zuen. Iker Muniainek eta Unai Nuñezek sartu zituzten euskal selekzioaren golak: erdilariak, hamabigarren minutuan; eta erdiko atzelariak, partida amaitzear zela. COVID-19aren pandemia betean jokatu zen partida, eta, beraz, ikuslerik ez zen egon Ipuruako harmailetan. 

Javier Clementek zuzendu zuen euskal selekzioa neurketa horretan, baina entrenatzaile barakaldarrak kargua utzi zuen 2021eko maiatzean, Libia entrenatzeko. Orduz geroztik, euskal selekzioak ez du hautatzailerik.

Aurkari indartsua eta erakargarria da Uruguai, munduko selekziorik indartsuenetako bat baita. Haren palmaresari erreparatu besterik ez dago: bitan irabazi du Munduko Kopa, eta hamabost aldiz Amerika kopa. Egun, 11. postuan dago Nazioarteko Futbol Federazioaren (FIFA) sailkapenean.

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohia da Uruguaiko hautatzailea. Beraz, alde horretatik ere berezia izango da neurketa, Bielsa San Mamesera itzuliko baita. Bielsak bi urtez entrenatu zuen talde zuri-gorria, 2011-2012ko eta 2012-2013ko denboraldietan, eta, lehen sasoian batez ere, ikusgarri aritu zen: Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.