Gizonezkoen euskal selekzioak partida bat jokatuko du estreinakoz FIFA datetan. Urriaren 12an izango da, Mendizorrotzan, Venezuelaren kontra. Euskal federazioaren erronketako bat zen FIFA datetan norgehiagoka bat jokatzea. Ofizialtasunaren bidean beste urrats bat zela ikusten zuten, eta, duela hiru hilabete Txileren aurka jokatzeko aukera bertan behera geratu ostean, orain lortu dute.
Ia bi urte dira euskal selezioak ez duela partidarik jokatzen. 2016ko abenduaren 30ean jokatu zuen azken aldiz, San Mamesen, Tunisiaren kontra. Mikel Etxarrik eta Joxe Mari Amorrortuk zuzendutako taldeak 3-1 irabazi zuen. Illarramendik, Adurizek eta Oiartzabalek sartu zituzten golak. Poza, ordea, ez zen erabatekoa izan: 16.000 ikusle inguru baino ez ziren batu partida ikustera. Horrek kezka eta hausnarketa eragin zuen, eta iaz ez zuen jokatu Gabonetako ohiko partida.
Ez da euskal selekzioak Venezuelaren kontra jokatzen duen lehen aldia. 2010ko abenduaren 29an aritu ziren elkarren kontra azkenenengoz, San Mamesen. Euskal selekzioak irabazi zuen: 3-1. Gurpegi, Labaka eta Muniain izan ziren golegileak. Venezuelan ere jokatu du, 2007an. Aro berrian Euskal Herritik kanpo euskal selekzioak jokatu zuen lehen neurketa izan zen. 3-4 izan zen nagusi. Etxeberriak bi gol sartu zituen, eta Gabilondok eta Adurizek bana.