Iaz 'Euskal Herria' izena hartu zuen euskal futbol selekzioak -EAEko Federazioak eta jokalariek adostuta-, aurtengorako federazioak 'Euskadi' jarri zuen, baina jokalariak ez ziren ados azaldu, 'Euskal Herria'-rekin segitu nahi zutelako, eta, azkenean, ez da izango aurten lagunarteko partidarik. Hilaren 23an ziren jokatzekoak, Iranen aurka, Bilbon, San Mames estadioan.
Atzo egin zuten azkeneko bilera EAEko Federazioak eta jokalariek, Durangon (Bizkaia). EAEko Federaziotik Iñaki Dobaran presidentea izan zen eta jokalarien partetik bost ordezkari. Jose Ramon Garai Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria ere izan zen. Gaueko hamaikak baino zerbait lehenago bukatu zuten bilera, hainbat gaik irten zuten mahai gainera, eta gaur eguerdira arte jendaurrean ezer ez esatea hitzartu zuten, BERRIA.INFOk gaur jakin duenez. Atzo 23:00etarako, ordea, Euskadi Irratia hasi zen aurten ez dela partidarik izango. Federazioak gaur eguerdian baieztatu du ofizialki partidarik ez dela izango.
Garai Jaurlaritzako Kirol zuzendariak gaur goizean esan duenez, partida bertan behera geratzea "kolpe gogorra da euskal kirolarentzat; batik bat, selekzioaren ofizialtasunaren helburuarentzat".
'Euskal Herria' izenarekin jokatzearen alde egin duen Gaizka Garitano Alaveseko futbolariak ere baieztatu egin du azken uneko ezustekorik ezean aurten ez dela lagunarteko Eguberrietako partidarik izango. Garitanok Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan zehaztu du sakoneko eztabaida ez dela izenari buruzkoa izan "izanaren" ingurukoa baizik: "selekzio eredua egon da eztabaidan, zazpi herrialdeek osatutako selekzioa nahi den edo ez". Alaveseko jokalariaren arabera, Federazioari erosoagoa zaio EAEko hiru herrialdeetara mugatuko litzatekeen selekzioa eta ofizialtasunerako bidea hartuko ez lukeena. Dena den, izenaren auzian Federazioak "goitik, Jaurlaritzatik" presio handiak jasan dituela adierazi du Garitanok, eta horrek bultzatu dituela elkarte horretako arduradunak 'Euskadi' izena halako indarrez babestera.
Euskal selekzioak 1937tik 2006ra 'Euskadi' izenarekin jokatu zuen eta 2007an, futbolariek eskatuta, 'Euskal Herria' izendapenarengatik.
Azaroaren 13an 165 futbolarik eta futbolari ohik agiria atera zuten 'Euskal Herria'-ren alde.
"Euskadiko Futbol Federazioak ez ditu aintzat hartzen Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan dauden futbol taldeak. Halere, ustez pausoak emateko borondateak bultzaturik, gaur- gaurkoz nazio mailan aritzen den gizonezkoen selekzioa osatzerakoan zazpi euskal lurraldeetako futbolariak hartzen dira kontutan. Gaur egun euskal kirolariak batuko gaituzten federazio nazionalik ez egoteaz gain, egungo Euskal Autonomi Erkidegoko federazioetatik ez dago borondate eta asmorik norabide horretan pausoak emateko", diote agiri horretan.
Abenduaren 3an 830 kirolarik babesa adierazi zieten, beste agiri baten bidez.
Selekzioaren "izen historikoa" 'Euskadi' dela azpimarratu izan du Eusko Jaurlaritzak, eta Federazioari dagokiola erabakia hartzea.
ESAITek -Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak- eta gizarteko beste 27 kolektibok abenduaren 27rako manifestazioa deitu dute, eta Bilbon izango da. Manifestazioari babesa eman diotenen artean, ELA, LAB eta EILAS sindikatuak daude, baita Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Eguzki talde ekologista ere. Manifestazioaren xedea nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko Euskal Herriak duen "eskubidea" eskatzea da. 'Euskal Herria' izendapenaren alde agertu dira.
Futbola
Euskal selekzioaren lagunarteko partidarik ez da izango aurten
Hala baieztatu du EAEko Federazioak, ez baitira futbolariekin ados jarri selekzioaren izenaren inguruan bart egindako bileran. Jokalariek 'Euskal Herria' izena nahi zuten, iaz adostu zuten bezala. Federazioak 'Euskadi' jarri gura izan du. Gaizka Garitano jokalariak azpimarratu du izenaren ingurukoa barik izanaren gainekoa izan dela sakoneko eztabaida. Hilaren 23an ziren jokatzekoak partida, Iranen kontra, San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu