Kirola

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde manifestazioa egingo dute Bilbon abenduaren 27an

ESAITek eta beste 27 kolektibok deitu dute; tartean, ELAk, LABek, EILASek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Eguzki talde ekologistak. Manifestazioaren bidez, Euskal Herriak nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi dute.

2008ko abenduaren 12a
18:53
Entzun
ESAITek, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, eta gizarteko beste 27 kolektibok abenduaren 27rako manifestazioa deitu dute Bilbon. Manifestazioari babesa eman diotenen artean,ELA, LAB eta EILAS sindikatuak daude, baita Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Eguzki talde ekologista ere. Manifestazioaren xedea nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko Euskal Herriak duen "eskubidea" galdegitea da.

Gaur, Bilbon, ESAITeko ordezkariek eman duten prentsaurrekoan euskal gizarte osoari manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote, baina, bereziki, kirolariei. Horiei manifestazioaren aurrean beren taldeetako edo klubetako elastikoekin joateko eskatu diete. Nolanahi ere, ez dute jakinarazi urtero gabonetan jokatu ohi den partidua azkenean aurten jokatuko den. Euskal selekzioa Iranen aurka jokatzekoa zen hilaren 23an.

Bilbon bildutakoek "Euskal Herria" izendapenaren alde agertu dira: "Euskal Herriak nazioarteko lehiaketetan jokatzeko eskubidea, borondatea eta desira du, baina ez autonomia erkidego edo eskualde gisara, baizik eta nazio moduan". Iaz, "Euskal Herria" izendapenak onespen handia izan zuela ere esan dute ESAITeko kideek, eta "jokalariek izendapen horrekin jokatzeko borondatea" dutela.

Azaroaren 13an, 165 euskal futbolarik agiri bat kaleratu zuten eta, bertan, "Euskadi" izendapenarekin ez zutela jokatuko jakinarazi zuten, bai, ordea, "Euskal Herria" izendapenarekin. Abenduaren 3an, 798 euskal kirolarik agiri horri babesa eman zioten. Euskal selekzioak 1937tik 2006ra "Euskadi" izenarekin jokatu zuen eta, 2007an, futbolariek eskatuta, "Euskal Herria" izendapenarengatik izan zen ordezkatua.

Abenduaren 23an, Irango selekzioaren aurka jokatzekoa zen partidurako EKFBk, Euskal Kirol Federazioaren Batasunak, "Euskadi" izendapena berreskuratzearen alde egin zuen. EKFB arduratzen da gabonetako futbol partidua antolatzeaz eta, era berean, euskal selekzioaren jardueren arduradun da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.